Renfe

Renfe Bidaiarientzako Baldintza Orokorrak

I. ATALA - Zerbitzuen eskaintza

1. Aldiriak zerbitzuak

Aldiriak zerbitzuak, momentu bakoitzean gune bakoitzeko mugikortasun beharrak asetzeko Renfe-Operadoraren Aldiriak eta Media Distancia Zerbitzuen Idazkaritza Nagusiak halakotzat eskaintzen dituenak dira. Aldiriak zerbitzuak eskaintzen diren lurralde geografikoa da Gunea. Zerbitzu horiek momentu bakoitzean zuzentzen diren baliabide materialekin eskainiko dira. Aldiriak zerbitzu guztiak behar bezala seinaleztatuko dira, bidaiariak erraz identifikatzeko moduan. Aldiriak zerbitzuko trenak erabiltzekotan, bidaiariek dagokion garraio titulu edo txartela erosiko dute, merkataritza-eskaintzaren arabera orokorrean edo espezifikoki ezarritako baldintzei, prezioei eta ordutegiei jarraiki. Aldiriak zerbitzuko trenak klase bakarrekoak dira eta bagoi bakoitzaren guztizko leku kopuruak mugatuko du bere edukiera, eseriko lekuek eta zutikakoek.


II. ATALA – Garraio-txartela

2. Kontzeptua

Garraio titulua edo txartela da Renfe-Operadoraren eta bidaiariaren arteko kontratua gauzatzen duen dokumentua.

Aldiriak zerbitzuko trenetako bidaiarien bidaia kontratua Baldintza Orokor hauek arautzen ditu. Baldintza Orokorrak bidaiarien eskura egongo dira.

3. Garraio-txartela

Garraio-txartelan argi irakurtzeko moduan azalduko dira inskripzio eta adierazpen hauek, gutxienez

  • Aldiriak zerbitzuaren eta Renfe-Operadoraren anagrama/logotipoa.
  • Renfe-Operadoraren IFK zenbakia.
  • Ibilbideko guneak edo, salbuespenak salbuespen, xede geltokia.
  • Tarifa eta prezioa.
  • Bidaiarientzako derrigorrezko asegurua eta gizarte erantzukizuneko asegurua, segurtasun tasak eta BEZ barne.

Itundutako aseguruen informazioa (bidaiariarentzako derrigorrezko asegurua eta erantzukizun zibileko asegurua) Bezeroarentzako Arreta Bulegoetan eta Renfe-Operadoraren Interneteko orrian aurkitzen da.

4.- Garraio-txartelak. Motak

Erabileraren arabera eta garraio titulu edo txartel bakoitzerako ezarritako baldintza berezien arabera, hauek izan daitezke garraio tituluak edo txartelak:

  • Joanekoa: Bidaia bat egiteko balio du.
  • Joan-etorrikoa: Pertsona batentzat balio du (zenbatekoa bi txartel arruntena baino merkeagoa da).
  • "Joan eta Itzulerakoa" : Pertsona batentzat balio du (zenbatekoa bi txartel arrunten baliokidea da).
  • Taldea: Hainbat bidaiarirentzat balio du.
  • Multibidaia edo Aldi baterako abonamendua (Bonotrena, Hileko Abonamendua, etab.): Hainbat bidaia egiteko balio du, titular batentzat edo gehiagorentzat eta denbora epe zehatz baterako.
  • Konbinatua: Beste garraiobide osagarritan erabiltzeko edo beste zerbitzu batzuk (kultura, aisialdia, etab.) barne hartzen dituztenetan erabiltzeko.

Produktu konbinatu bakoitzak berariazko baldintzak izan ditzake, merkataritza hitzarmenaren bidez arautuak. Baldintza hauek bidaiarien eskura egongo dira. Beste garraiobide batzuekin konbinatutako garraio-txartel konbinatuak edo abonamenduak –beste entitate eta erakunde batzuek jaulkitakoak– ere baliodunak izango dira, betiere, erakunde horiekin itundutako hitzarmenen ondorio direnean. Haien baldintza zehatzak ere bidaiarien eskura egongo dira.

5. Garraio-txartelen salmenta

Garraio tituluak edo txartelak Renfe-Operadoraren salmenta guneetan eskuratu ahal izango dira: leihatiletan edo autosalmenta makinetan, Renfe-Operadorak baimendutakoetan eta, Baldintza hauetan aurreikusitako salbuespen kasuetan, ibilbidean zehar. Garraio-txartelak Renfe-Operadorak baimendutako sistemen bidez jaulkiko dira.

Txartelen zenbatekoa legezko diruan ordainduko da edo Renfe-Operadorak baimendutako beste modu baten bidez. Bidaiariak txarteleko datuak bere eskaerari dagozkiela egiaztatu beharko du. Jaulkitako garraio-txartelari edo haren zenbatekoari buruzko erreklamazioak txartela eskuratzean egin beharko dira, langilerik gabeko geltokiak salbuespen izanik. Kasu horretan, langiledun edozein geltokitan egin ahal izango da erreklamazioa, edo idatziz bidal daiteke, Renfe-Operadoraren edozein bulegotara. Garraio-txartela galduz gero, ez da kopiarik edo frogagiririk emango. Hasiera Hasiera

6. Baliozkotasuna eta formalizazioa

Garraio-txartelak baliozkoak dira haietan zehazten den data, gune, xede eta, dagokionean, denbora eperako.

Garraio-txartelak ez dira baliozkoak izango, jaulkitzean dagokien inprimaketa mekanikoa ez badute. Aldi berean edo jarraian garraio-txartel bat aurkeztea bidaia bakar bat merkeago egiteko ez da baliozkoa izango bidaiariak ez badu ibilbide osoaren araberako prezio ezberdintasuna ordaintzen. Tarifa berrikuspenen aurretik eskuratutako garraio-txartelak haien erabilera data edo eperako baliozkoak izango dira, eta bidaiariak ez du aldea ordaindu beharko. Garraio-txartelak eskuratzean, tarifak eta beherapenak metatu daitezke, dagozkien tarifetan ezarritako baldintzetan. Kaltetuta, aldatuta, marratuta, urratuta edo plastifikatuta dauden txartel, abonu edo agiriak ez dira baliozkoak izango. Sarrera kontrola duten guneetan –bai irteera eta xede geltokietan, bai linea aldaketako geltokietan-, eta haiek igaro ondoren, bidaiariak berriro nasara sartu nahi badu, beste garraio-txartel bat eskuratu beharko du, edo abonamenduan beste ezeztatze bat egin.

7. Garraio-txartelen ezeztapena

Jaulkitako txartel guztiak jarraian adierazten diren baldintzetan deusezta daitezke, titulu motaren arabera.

Multibidaia garraio-txartelen edo Abonamenduen kasuan, bidaiariak eskatutako deuseztapena haren baliozkotasun epea hasi aurretik egin beharko da. Garraio txartel arruntak, bi bidaiarenak eta kolektiboak irteera geltokian deuseztatu beharko dira, haiek eskuratu eta bi orduren barruan. Garraio-txartel bat deuseztatzean, 24. baldintzan ezarritako salbuespena alde batera utzita, deuseztatutako tituluaren zenbatekoaren % 15 kenduko da, gastu gisa.

8. Tarifak

  1. Aldiriak garraio zerbitzuen tarifak bidaiarien eskura egongo dira.
    • Garraio-txartel guztiak jaulkitze egunean indarrean dauden prezioen arabera jaulkiko dira. Prezioak informazio OHARRETAN jakinaraziko zaizkie bidaiariei, prezio ofizialen tauletan.
    • Aplikagarriak izango dira Familia Ugariei buruz indarrean dagoen legedian ezarritako beherapenak. Bidaiariek beraiek frogatu beharko dute onuradunak direla, eskumena duen administrazioak jaulkitako agiri ofizialen bidez.
  2. Sei urtetik beherakoek ez dute garraio-txartelik beharko, eta doan bidaiatuko dute. Bidaiarientzako derrigorrezko aseguruak eta erantzukizun zibileko aseguruak estaliko dituzte haur horiek.

9. Bidaiarien eskubideak

Aldiriak trenbide zerbitzuko bidaiariek, besteak beste, eskubide hauek dituzte:

  • A/ Zerbitzuen ordutegien eta prezioen argitalpenak behar besteko aurrerapenez eskura izatea.
  • B/ Zerbitzua dagokion kalitatez eta segurtasunez jasotzea.
  • C/ Renfe-Operadorarekin kontratu bat hitzartzea, lehorreko garraiobideei buruz indarrean dauden legedien eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen legedien arabera.
  • D/ Trenbideko garraioarekin lotuta sor daitezkeen gatazkak konpontzeko ezarritako prozedurak ezagutzea.
  • E/ Renfe-Operadorari egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak edo kexak egitea. Horretarako, erreklamazio-orri edo liburu ofizialak eskura izango dituzte bidaiariek, trenbide sektorearen araudian aurreikusitako baldintzetan.
  • F/ Kalte ordainak jasotzea, Renfe-Operadorari dagozkion betebeharrak ez betetzearen ondorioz sortutako kalteak jasanez gero.
  • G/ Renfe-Operadoraren erantzukizuna bermatzen duten aseguru polizei eta fidantzamenduei buruzko informazioa jasotzea, bidaiariaren arretarako bulegoetan eta Renfe-Operadoraren Web orrian.
  • H/ Baldintza Orokor hauei buruzko informazioa jasotzea, aurreko paragrafoan ezartzen den baldintza berberetan.
  • I/ Garraio-txartelak deuseztatzea, Baldintza Orokorretan aurreikusitako baldintzetan.

10. Bidaiarien betebeharrak

Bidaiariek betebehar hauek dituzte:

  • A/ Dagokion garraio-txartela edukitzea, bidaiak irauten duen bitartean eta helmugako geltokitik atera arte.
  • B/ Zerbitzua zuzen ematea bermatzeko Renfe-Operadorako langileek agindutako adierazpenak betetzea, baita horretarako instalazioetan eta bagoietan jarritako karteletan ikusgai dauden adierazpenak ere.
  • C/ Babes zibilaren eta segurtasunaren arloan ezar daitezkeen neurriak eta kontrolak errespetatzea.

11. DEBEKUAK

Bidaiariek ezingo dute:

  • A/ Trenaren barruko ordena asalda dezakeen ekintzarik egin, ez eta gainerako bidaiaren osotasun fisikoa arriskuan jar dezakeen edo gogaigarria izan daitekeen ekintzarik, edo ibilgailuen materialak honda ditzakeen edo garraioaren segurtasuna arriskuan jar dezakeen ekintzarik ere.
  • B/ Bidaiarientzat egokitutako lekuetatik kanpo bidaiatu.
  • C/ Trenera igo edo bertatik jaitsi, abian dagoen bitartean edo igo eta jaisteko prestatutako geltokietatik kanpo.
  • D/ Material leherkorrak edo erregarriak eraman, edo tamaina, bolumen, eduki edo usainagatik beste bidaiariak edo trenbideko materiala kaltetu, gogaitu edo zikin ditzakeen materialik eraman.
  • E/ Indarrean dagoen legedian debekatuta dagoen beste edozein jokabiderik izan.

Aurreko suposizioak prozedura zehatzaile baten bidez zigortzeko aukera egongo da, prozedura zehatzailearen adierazpenaren ondoren, aurrekoari kalte egin gabe, a) eta d) ataletako suposizioetan bidaiariaren kaleratzea aplikatuko da, Trenbide Sektorearen Araudiaren 90. artikuluaren arabera. Horrelakorik gertatuz gero, bidaiariak ez du garraio-txartelagatik ordaindutako prezioaren zenbatekoa eskatzeko eskubiderik izango.

12. Ekipajea

  1. Aldiriak zerbitzuko trenek ez dute ekipajerik fakturatzea onartzen.
  2. Txartela duten bidaiari guztiek 20 kg-tik beherako pisua duten bi esku zorro eraman ahal izango dituzte, beren erantzukizun eta ardurapean eta horretarako prestatutako lekuetan. Zorrorik handienak ezin izango du 70 x 50 x 25 cm-ko neurria gainditu.

Ekipajetzat honako hau joko da: arropa edo erabilera pertsonalerako edo profesionalerako objektuak dituen esku zorroa, baldin eta ez baditu legedian eta arauetan ezarritako segurtasun arauak hausten eta ez bada beste bidaiarientzat arriskutsua edo gogaigarria. Renfe-Operadora ez da ekipajearen gaizki jartzearen ondorioz edo haren edukiaren ondorioz gerta daitezkeen gertaera, lapurtze, galera edo kalteen erantzule izango, horiek guztiak Renfe-Operadorari egozterik ez badago, bederen.

13. Bizikletak

Aldiriak zerbitzuko gune bakoitzak baimentzen duenean, zehaztutako trenetan eta ordutegietan bizikletak garraiatzea baimenduta egongo da. Bidaiari bakoitzeko bizikleta bakarra onartuko da. Alderdi horiei buruzko informazioa bidaiarien eskura egongo da. Jabeek kargatu, deskargatu eta zaindu beharko dituzte beren bizikletak, eta Renfe-Operadorak ez du bere gain erantzukizunik hartuko, ibilbidean zehar bizikletek kalterik jasaten badute edo galtzen badira. Bizikleta daramaten bidaiariek behar bezala zaindu beharko dute beste bidaiarien segurtasuna eta erosotasuna bermatzeko, eta trenean edo hirugarrenei eragin diezaieketen kalteen erantzuleak izango dira.

14. Etxeko animaliekin bidaiatzea

  1. Itsuen gida txakurrak onartuko dira. Doan bidaiatu dezakete beren jabeekin batera. Katea eta muturrekoa eraman beharko dute, haien agresibitateak hala eskatzen badu.
  2. Etxeko animalia txikiak onartuko dira, betiere, bere jabeak zaintzen badu, beste bidaiariak kontra ez badaude edo haiei eragozpenik sortzen ez badie. Animaliaren jabeak bere gain hartu beharko ditu animaliak sor ditzakeen kalteak. Beharrezkoa denean, animaliek osasun gida izan beharko dute, eta indarrean dagoen legeriak ezartzen dituen baldintza higieniko-sanitarioetan eta segurtasun baldintzetan bidaiatu.

Bidaiari bakoitzeko gehienez animalia bat onartuko da. Animaliak Aldiriak zerbitzuko gune bakoitzean baimendutako tren, ordutegi eta geltokietan onartuko dira. Alderdi horiei buruzko informazioa bidaiarien eskura egongo da.

15. Armekin bidaiatzea

Aldiriak zerbitzuko trenetan armak daramatzaten bidaiariek honako baldintzak hauek bete beharko dituzte:

  • A/ Arauzko armak izatea, legeak zehaztutakoaren arabera.
  • B/ Desmuntatuta edo beraien kutxetan edo zorroetan eramatea.
  • C/ Armekin batera bidaiariek legediak eskatzen dituen gidak, baimenak eta bestelako dokumentazioa eramatea.

Indar Armatuetako, Segurtasun Indar eta Kidegoetako, eta Aduana Zaintzako langileek edo segurtasun enpresen langileek beren armak daramatzatenean, zainketa zerbitzuak egiten ari direla, kide txartela, Identitate Militarraren Txartela edo, dagokionean, txartel profesionala erakustea nahikoa izango da. Armak daramatzaten bidaiariek beharrezko arduraz eta arretaz jokatu beharko dute, beste bidaiariei arriskurik eta alarmarik ez sortzeko eta haien ondasunei kalterik edo arazorik ez eragiteko.

16. Ahaztutako, galdutako edo utzitako objektuak

Renfe-Operadorak bi hilabeteko epean zehar gordeko ditu bidaiariek ahaztu, galdu edo utzitako objektuak eta jatorri ezezaguneko guztiak, Renfe-Operadoraren bagoietan, nasetan eta dependentzietan aurkitutakoak. Objektu horien erregistro berezia gordeko da, haien ezaugarri nagusien deskribapenarekin eta aurkitutako egunarekin eta lekuarekin, unean indarrean dauden araudien arabera erabiltzeko helburuarekin. Halakorik ez denean, enkante publikoan besterenduko dira. Besterendu aurretik, objektuen jabeek eskatzen badituzte, honela egingo da: aurrena, jabeak direla frogatu beharko dute; eta ondoren, dagokien gastuak ordaindu, baita garraio gastuak ere, aurkitu ziren lekutik lekualdatu beharra baldin badago. Hasiera Hasiera

17. Garraio-txartelik gabeko bidaiariak

Txartel salmenta duen geltoki batetik datozen eta trenera garraio-txartelik gabe igo diren bidaiariek, egingo duten ibilbide osoari dagokion joaneko garraio-txartelaren zenbatekoa gehi baldintza honen arabera kasuan kasu ezarritako zigorra edo gainordainak ordainduko dituzte. Bidaiariak ordaintzeari uko egiten badio, trena dagoen geltokian bertan uztea aginduko zaio, trena geldirik badago, edo hurrengo geltokian, trena abian badago. Aurrekoari kalte egin gabe, bidaiaria identifikatu bada, Renfe-Operadorak dagokion salaketa aurkeztu ahal izango du Gobernuaren Ordezkaritzan, arau-hauste administratiboagatik zehapen espedientearen izapideak egiteko, Trenbide Sektorearen 39/2003 Legearen (azaroaren 17koa) 95. artikuluari jarraiki. Baldintza horren arabera, kasu hauetan ulertuko da bidaiariak ez duela garraio-txartelik: formalizatu ez duenean; iraungita dagoenean; aldatuta, urratuta, marratuta edo hondatuta dagoenean (datuak bereizi ezin direnean); eta bidaiariak eskuratutako garraio-txartelaren izaera dela-eta harekin batera erakutsi beharreko agiriak aurkezten ez dituenean. Aplika daitezkeen gainordainak, txartelaren prezioa edozein dela ere, eta Baldintza Orokor hauetako 22. artikuluaren salbuespenekin, lanegun bateko (astelehenetik ostiralera, jaiegunak izan ezik), gune bakoitzeko ibilbide luzeenaren joaneko txartelaren bikoitza izango da. Garraio Partzuergoetan osorik edo zatika barne dauden guneetan, gainordaina dagokion Partzuergoak ezarriko du.

18. Lekuen okupazioa

Trenera igo aurretik, bidaiariak berak egiaztatu beharko du ibilbidea eta trena eskuratutako txartelari dagozkiola. Aldiriak zerbitzuko trenetako garraio-txartelak bidaiariaren erabilerarako jaulkiko dira, eseritako edo zutikako lekuen artean bereizi gabe.

19. Bidaiariek bidaia etetea eta linea aldaketak ibilbidean zehar

Bidaiariak bidaia eteten badu, ez du bidaia beste tren batean jarraitzeko eskubiderik izango. Bidaiariak txartelean azaltzen den ibilbidearen eta baldintzen arabera tren aldaketarik egin behar badu, hori ez da bidaia etetetzat joko, ibilbideko tren-aldaketa bezala baizik.

20. Ibilbidea luzatzea

  1. Bidaiariak bidaia luzatzeko aukera izango du, betiere, gunearen barruan edo gunetik kanpo jatorriko geltokian aurrez jakinarazten eta erregularizatzen badu. Eskaera aurrez jakinarazten ez bada, Baldintza Orokor hauetan garraio-txartelik gabeko bidaiariei dagokien 17. atalean ezarritakoa aplikatuko da.
  2. Multibidaia garraio-txartelek eta Abonamenduek ez dute bidaiaren luzapena onartzen, gunetik kanpo eskatuz gero.

21. Trena galtzea edo uztea

Oro har, trena galtzea edo uzteak, bidaiaren hasierako geltokian edo bidaian zehar, txartela ezeztatuko du eta ez du dirua itzultzeko eskubiderik emango.

22. Sarreren kontrola

  1. Bidaiariak garraio-txartela eta haren erabilera baimentzen duten egiaztagiriak aurkeztera behartuta daude, Renfe-Operadoraren agenteek edo baimendutako langileek eskatutakoan, trenera sartu aurretik, ibilbidean zehar eta helmugako geltokitik atera aurretik. Ez badu aurkezten, txartelik gabeko bidaiaritzat joko da.
  2. Agente begiratzaile arduradunak erretiratuko ditu baliozkoak ez diren garraio-txartelak edo agiriak, edo iruzurrez erabilitakoak, txartelen dirua berreskuratzeko eskubiderik gabe.
  3. Garraio-txartelak saltzeko lekurik ez duen geltoki batean igo eta txartelik ez duen bidaiariak bere egoeraren berri eman beharko dio ibilbideko agente begiratzaileari edo Renfe-Operadorak baimendutako langileei. Kasu horretan, agenteak ordain agiri bat emango dio bidaiariari. Bestela, garraio-txartelik gabeko bidaiariei Baldintza Orokor hauen 17. atalean ezarritakoa aplikatuko zaie.
  4. Trenetara sartzeko kontrola automatikoki egingo da sarrera kontrolatzeko sistema duten geltokietan, eta bidaiaria behartuta dago kontrol horietatik igarotzera. Behin sarrera kontrol horiek zeharkatuta, bidaiariak bidaia hasi duela ulertuko da.

Bidaiariak trenetara sartzeko ezarrita dauden kontroletatik igaro nahi ez duten pertsonei ere garraio ibilgailuetan, ontziratze gelan eta itxarongeletan sartzea galarazi ahal izango zaie. Horrelakorik gertatuz gero, bidaiariak ez du txartelaren dirua berreskuratzeko eskubiderik izango.

23. Bidaia baldintza bereziak

  1. 8 urtetik beherakoak beti lagunduta bidaiatu beharko dira. 8 eta 12 urte bitarteko haurrek laguntzarik gabe bidaiatzeko baimena izango dute, baldin eta gurasoen edo tutore legalaren baimena badaramate.
  2. Bidaiari ezinduei edo mugikortasun murriztua dutenei (garraio tratamendu berezia edo apartekoa behar dutenak), ahal dela, Renfe-Operadoraren trenetan eta instalazioetan eskuragarri dauden bide guztiak emango zaizkie, mugikortasun edo garraio egokia izan dezaten, zerbitzu horiek emateko aukera baldin badago.

24. Ordutegiaren aldaketa

  1. Renfe-Operadorak aurrez jakinaraziko ditu linea guztietako trenen igarotze maiztasunetan egindako aldaketak.
  2. Multibidaia garraio-txartelik edo Abonamendurik erabiltzen bada, aldaketak gertatu ondoren, bidaiariak aldaketak ondorio guztietarako onartu dituela ulertuko da.

Ordutegiak bidaiariak Multibidaia tituluaren edo Abonamenduaren erabilera agortu aurretik aldatzen badira, bidaiaria aldaketekin ados ez badago eta ordutegia aldatu eta gero ez badu bere garraio-txartela erabili, geratzen diren egunei dagokien dirua itzultzeko eska dezake, Multibidaia tituluei buruzko 26. baldintzaren 1.A atalean ezartzen den arabera.


IV. ATALA – Renfe-Operadoraren erantzukizuna

25. Erreklamazioak

Renfe-Operadora kontratatutako garraioa aurreikusitako denboran, tituluan jasotako baldintzetan eta Baldintza Orokor hauen baldintzetan egitera behartuta dago, ezinbesteko kasuetan izan ezik. Renfe-Operadorak bidaiarien eskura jarriko ditu erreklamazio orriak edo liburuak trenbide legedian ezarritako baldintzetan. Beren eskubideak kaltetutzat jotzen dituen bidaiariak erreklamazio liburu edo orri horietan azaldu ahal izango ditu bere kexak. Horrez gain, ohizko bideak ere erabil ahal izango ditu: posta arrunta, telefonoa, telefaxa, posta elektronikoa edo Internet (dagokionean ezarri bezala), edo Renfe-Operadoraren edozein bulegotara bidal daitezkeen dokumentuak edo gutunak. Erreklamazioa aurkezteko, hura eragin zuen jazoera gertatu eta hilabeteko epea izango du bidaiariak. Erreklamazio orrien edo liburuaren erabilerari kalterik egin gabe, bidaiariak Renfe-Operadorak sortutako kalte galerak erreklamatu ahal izango ditu, auzibide edo, dagokionean, arbitraje prozedura bidez.

26. Kalte ordainak

Ezinbesteko kasuetan izan ezik, bidaia ezeztatu, eten edo atzeratzearen ondorioz kaltea izandako bidaiariak dagokion kalte ordaina jasotzeko eskubidea edukiko du.

26.1 Garraio Zerbitzua ezereztea Bidaiaren ezeztapen gisa hau ulertuko da: ezinbesteko kasuetan izan ezik, Renfe-Operadorak garraio-txartelan ezarritako baldintzetan bidaia ezin abiaraztea, trenak kendu direlako eta, gutxienez, ordubetean. Zerbitzua ezeztatuz gero, bidaiariak aukera hauek izango ditu:

  • A/ Garraio-txartela ebaztea. Kasu horretan, zenbateko osoa jasoko da, joaneko titulua, bi bidaiarena edo txartel kolektiboa bada. Multibidaia garraio-txartelaren edo Abonamenduaren kasuan, bidaia egin ez dela egiaztatu ondoren, bidaiariak jaso behar duen zenbatekoa kalkulatzeko, prezioa zati hau egin beharko da:
    • 10, Bonotrenaren kasuan
    • 50, Hileko Abonamenduaren kasuan
    • 100, hileko baliozkotasuna eta bidaia kopuru mugagabea duten tituluen kasuan.
    • 300, hiru hilabeteko baliozkotasuna eta bidaia kopuru mugagabea duten tituluen kasuan.
  • B/ Bere garraio-txartelaren gaitzea, bidaia egiteko aukera baldin badago.
  • C/ Bidaia egitea, Renfe-Operadorak prestatutako garraiobideren batean egiteko aukera badago.

26.2 Bidaia etetea Bidaiaren etetetzat hau ulertuko da: ezinbesteko kasuetan izan ezik, bidaia geldiaraztea, trena abian dagoen bitartean. Trena abiatu ondoren bidaia eteten bada, Renfe-Operadora behartuta egongo da bidaiariari garraioa ahal bezain laster eskaintzera, beste tren edo garraiobide batean eta itundutako baldintzen antzeko baldintzetan. Halaber, bidaiatzen jarraitzeari uko egiteko eskubidea izango du. Kasu horretan, aurreko baldintzaren A) ataleko baldintza berdinetan burutuko da kalte ordaina.

26.3 Trenaren atzerapena

  1. Ezinbesteko kasuetan izan ezik, helmugara ordubetetik gorako atzerapenarekin iritsiz gero, bidaiariak kalte ordaina jasotzeko eskubidea izango du; hain zuzen, erabilitako garraio-txartelaren prezioaren ehuneko berrogeita hamarra. Atzerapena ordubete eta hogeita hamar minututik gorakoa bada, kalte ordaina prezio osoaren baliokidea izango da.
  2. Multibidaia garraio-txartelaren edo Abonamenduaren kasuan, aurreko atalean adierazitako kalte ordainari dagokion zenbatekoa ezeztapen bati dagokiona izango da eta 26.1 baldintzako A) atalean zehazten den era berean egingo da.

26.4 Egoera bereziak Pertsona ezinduen edo mugikortasun urriko pertsonen kasuan, kontratatutako zerbitzuak ezeztatu edo etenez gero, haien garraio-txartela beste tren edo garraiobide baterako gaituko da. Kasu horretan, tren edo garraiobide horrek aurrekoaren erabilerraztasun baldintza berdinak bete beharko ditu.


V. ATALA – Zerbitzu osagarriak

27. Aparkalekuak

Aldiriak zerbitzuko txartela duten bezero guztiek Renfe-Operadoraren Aldiriak zerbitzuak kudeatzen dituen geltokien ondoko aparkalekuak erabil ahal izango dituzte, txartelarekin lotutako beherapenarekin, erabilera egunean indarrean dauden tarifetan ezarritako prezioetan. Prezioak informazio OHARRETAN jakinaraziko zaizkie bidaiariei, prezio ofizialen tauletan. Indarrean sartzea Trenbide Sektorearen Azaroak 17ko 39/2003 Legearen 59. artikulua betez, Aldiriak Bidaiarien Garraio Kontratuaren honako Baldintza Orokorrak , Ministerio de Fomento ministerioaren Azpiegitura eta Plangintzarako Estatuko Idazkaritzaren baimen agindua jaso dute 2006. urteko ekainaren 21ean; Fomentoko ministroaren delegazio bidez, eta irailaren 14ko FOM/2893/2005 aginduaren arabera, (2005. urteko irailak 19ko BOE aldizkari ofizialean), indarrean sartuko da hilabete bateko epean Renfe-Operadora trenbide enpresari jakinarazi ondoren.

© Renfe. Eskubide guztiak erreserbatuta.
Legezko informazioa |