Renfe

Merkantzien garraioa kontratatzeko baldintzak

1. APLIKAZIO-EREMUA ETA LEGE-ARAUBIDEA

1.1. Aplikazio eremua

1.1.1. Kontratatzeko baldintza orokor hauek Renfe-Operadorak merkantziak (edozein ondasun hartzen da merkantziatzat) garraiatzeko sinatutako kontratuetan aplikatu behar dira.

Era berean, trenbidez egindako gainerako garraioetan ere arau hauek aplikatuko dira, trenaz gain beste garraiobide batzuk ere erabili behar badira, eta beste garraiobide horiek trenbidez egindakoaren aurrekoak, ondorengoak edo osagarriak badira.

Garraiobide osagarri horiek beren araudi berezia izango dute.

1.1.2. Halere, ondorengoak baldintza hauen aplikazio-esparrutik kanpo gelditzen dira:

  • a/ Merkantziak nazioartean trenbidez garraiatzeko kontratuko CIM arau uniformeek agindutakoari jarraiki, nazioarteko garraio-gutunarekin trenbidez egindako garraioak, hots, Espainiatik kanpo datozenak edo hara doazenak.
  • b/ Beren berezitasunengatik edo ezohiko izaeragatik, kontratatzeko baldintza bereziak onartzen zaizkien trenbidezko gainerako garraio guztiak.

1.1.3. Baldintza hauek kontratu nagusiak zehaztutakoen lagungarri eta osagarritzat hartuko dira, haien eta hauen artean alderik egonez gero.

1.2. Lege-araubidea

Alor hau arautzen duten arau zehatzak tren-sektoreari dagozkionak izango dira, batetik, eta aplikazio orokor eta komuneko gainerako legedia zibil eta merkantila, bestetik.

2. DEFINIZIOAK

Baldintza orokor hauen ondorioetarako, definizio hauek izan behar ditugu kontuan:

2.1. Tren-enpresa

Tren Sektoreari buruzko 39/2003 Legeko 43. artikuluari jarraiki (azaroaren 17koa), hauek dira tren-enpresak: tren-enpresa bezala jarduteko baimena izanik, jarduera nagusitzat trenbidezko zerbitzuak ematea duten erakundeak, guztia ere aipatutako legearekin bat etorriz.

2.2. Trenbidezko garraio-kontratua

Tren-enpresa bere izenean eta prezio baten truke bere esku utzitako merkantziak leku batetik bestera trenez garraiatzeko konpromisoa hartzen dueneko kontratua da. Behar izanez gero, beste garraiobide batzuk erabili behar ditu enpresak, hala nola, bagoi osoa, tren osoa, edukiontzi bat edo gehiago.

2.3. Garraio multimodala, intermodala, konbinatua eta ferroutage

Kontratatzeko baldintza orokor hauen ondorioetarako, definizio hauek hartu behar ditugu kontuan:

  • Tren-garraioa: Besteren kontura diharduen tren-enpresa batek ordain ekonomiko baten truke merkantziak trenbidez leku batetik bestera eramatea.
  • Garraio multimodala: Merkantziak leku batetik bestera eramatea, bi garraiobide edo gehiago erabilita.
  • Garraio intermodala: Merkantziak unitate edo ibilgailu berean leku batetik bestera eramatea, bi garraiobide edo gehiago erabiliz, eta batetik bestera aldatzean merkantzia manipulatu gabe.
  • Garraio konbinatua: merkantzien garraio intermodal honetan merkantziak trenbidez, bide nabigagarri batetik nahiz itsas bide batetik doazen ibilbideetan eramaten dira nagusiki, ahalik eta bide gutxiena eginez errepidez (hasieran edo bukaeran bakarrik).
  • Ferroutage: Trenbidea eta errepidea konbinatzen dituen garraioa.

2.4. Merkantziak garraiatzeko operadorea

Garraio-agentzia, garraio-kudeatzaile edo biltegizain/banatzaile bezala jardunez edo bere bagoi edo garraiorako elementu propioak izanik, legeak agindutako baldintzak beteaz merkantzien garraioaren kontratazioan bitartekari lanetan aritzeko gaituta dagoen enpresa baten titularra den pertsona fisiko nahiz juridikoari esaten zaio merkantzien garraiorako operadorea. Halakoek zamaketarien eta garraiolarien artean jarduten dira eta beren nahiz beste batzuen izenean kontratatzen dute.

2.5. Garraiatzailea

Merkantziak trenbidez garraiatzeko kontratuari jarraiki, merkantziak leku batetik bestera trenez eramateko konpromisoa bere gain hartzen duen tren-enpresari esaten zaio garraiatzailea.

Garraioa kontratatzeko garraioko operadore batengana joz gero, hura izango da garraiatzailea zamaketariarentzat, eta baldintza orokor hauetan garraiatzaileari egozten zaizkion betebehar eta erantzukizun guztiak hark hartu beharko ditu bere gain, garraioa berak egin izan balu bezalaxe.

2.6. Zamaketaria eta/edo bidaltzailea

Bere izenean jardunez nahiz garraio-operatzaile gisa arituz, garraioa egiteko eskatzen duen pertsona fisiko edo juridikoa. Garraiatzaileak, garraio-kontratuari jarraiki, garraio hori egiteko betebeharra hartzen du bere gain haren aurrean.

2.7. Bidaltzailea

Garraiatu beharreko merkantziak garraiatzaileari materialki entregatzen dizkion pertsona fisiko edo juridikoa. Merkantzien espedidorea bera izan daiteke zamaketaria edo haren ordez diharduen besteren bat.

2.8. Jasotzailea edo hartzailea

Garraiatu beharreko merkantziak garraiatutakoan, merkantzia horiek garraiatzailearen eskutik jaso behar dituen pertsona fisiko edo juridikoa. Merkantzien jasotzailea zamaketaria bera edo besteren bat izan daiteke.

2.9. Garraio-txartela edo garraio-gutuna

Merkantziak garraiatzeko zerbitzua ematen duen tren-enpresaren eta bezeroaren arteko garraio-kontratua formalizatzen duen dokumentua da. Paperezkoa izan daiteke edo bitarteko telematikoz egindakoa (garraio-gutun elektronikoa). Dokumentu horretan, baldintza orokor hauetako 3.1. baldintzan zehaztutako datuak jaso behar dira gutxienez. Garraio-gutunik ez edukitzeak ez du eraginik kontratuan ez eta haren balioan, nahiz eta bi aldeek gutuna osatzeko elkarri eskatzea daukaten.

2.10. Espedizioa

Jatorri eta norako bera izanik, bezero berak fakturatu dituen bagoi edo edukiontziei esaten zaie espedizioa. Bertan merkantzia bakarra edo gehiago garraiatzen dira, guztia ere garraio-gutun bakar baten barruan, gutunak eranskinak izan ala ez, bagoi edo edukiontzi bat edo gehiago dituen arabera.

2.11. Merkantzia sorta

Tren osoa osatu gabe ere, zenbait bagoi, edukiontzi edo espedizioz osatuta, jatorri, norako eta bidaltzaile bera duen espedizioa da merkantzia sorta bat.

2.12. Fakturazioa

Zamaketariak bere esku utzitako bagoi edo edukiontzia onartzen dueneko egintza da. Garraio-kontratua formalizatu egiten da egintza horren bidez.

2.13. Bagoi edo edukiontzia esleitzea eta dagokionaren esku uztea

Garraio jakin bat egiteko erabili beharreko bagoi edo edukiontziak esleitzea eta materiala kargatzeko nahiz deskargatzeko leku eta baldintza egokietan jartzeari esaten zaio. Egin beharreko eragiketak egiteko epea orduantxe hasten da.

2.14. Bagoi osoa - Tren osoa

Bagoi baten gainean edo barruan entregatuak izanik, espedizio bat osatzen duen merkantzia multzoa da bagoi oso bat.

Jatorri, norako eta bidaltzaile bera duten bagoiek osatutako espedizioa da tren oso bat.

2.15. Bagoi partikularra

Tren-enpresaz bestelako pertsona fisiko edo juridiko baten jabetzakoa izanik, bere nahiz besteren garraioak egiteko trenbidetik zirkulatzeko baimena duten bagoiak dira bagoi partikularrak.

2.16. Garraio konbinatuko unitateak

  • MULTZO ARTIKULATUA: Trakzio-buru bati atxikitako errepidezko garraiorako erdi-atoia.
  • ERDI-ATOIA: Trakzio-buru bati atxikitzen zaizkion errepidezko garraiorako ibilgailuak dira erdi-atoiak. Ibilgailu horien zati bat (atoia) trakzio-buruaren gainean bermatzen da eta haren pisuaren zati handi bat eta kargaren pisua harekin banatzen du. Garraio konbinatuan erabiltzeko egokitu egin behar dira.
  • ATOIA: Erdi-atoiak alde batera utzita, trakzio-buru bati atxikitzen zaizkion errepidezko garraiorako motorrik gabeko ibilgailuak dira atoiak.
  • EDUKIONTZIAK - GARRAIO INTERMODALEKO UNITATEAK (UTIS): Garraio intermodalerako erabiltzen diren edukiontzi (mota eta neurri guztietakoak), kutxa mugikor eta erdi-atoiak.

2.17. Geldiarazpena

Tren-enpresarena nahiz beste inorena den bagoi edo edukiontzi baten zama-lanak egiteko epean zamaketariak edo jasotzaileak eragindako atzerapena. Geldiarazpen-epea kalkulatzeko, zama-lanak bukatuta behar zuten unetik berez egiten direnera arte igarotzen diren egun guztiak zenbatuko dira, 24 ordu jarraituko tarteak hartuta.

2.18. Gastu osagarriak

Renfe-Operadorak garraio-kontratua garatzeko eman ditzakeen zerbitzu osagarrien ondorioz sortutako gastuak, halakoak garraio-kontratuaren oinarrizko edukia gaindituz gero. Adibidez: merkantzien biltegiratzeak, bagoi eta edukiontzien garbiketak, toldoen alokairuak eta abarrek sortutako gastuak.

3. KONTRATUA FORMALIZATZEA ETA KONTRATUAREN EDUKIA

3.1. Adierazpena/Garraio-gutuna

3.1.1. Bidaltzaileek eskuzko nahiz modu elektronikoan egindako sinaduraren bidez baimendutako adierazpena/garraio-gutuna aurkeztu behar dute fakturazio-estazioan edo, bestela, bitarteko telematikoen bidez bidali behar dute, Renfe-Operadorak finkatutako ereduarekin bat etorriz.

Adierazpena/garraio-gutuna berariaz emandako jarraibideei jarraiki bete beharra dago. Kontratugile bakoitzak berari dagokion atala bete beharko du.

3.1.2. Adierazpen/garraio-gutunean datu hauek zehaztu behar dira, gutxienez:

  1. Bidaltzailearen izen-abizenak, helbidea, IFZ edo IFK eta, halakorik izanez gero, telefonoa, faxa eta posta elektronikoa.
  2. Jasotzailearen izen-abizenak, helbidea, IFZ edo IFK eta, halakorik izanez gero, telefonoa, faxa eta posta elektronikoa.
  3. Enpresa garraiatzailearen (Renfe-Operadora) izena, helbidea, IFK, telefonoa, faxa eta posta elektronikoa.
  4. Bagoiak eta tren osoak bidali behar diren geltokiaren izen osoa, eta geltoki hori dagoen herri eta probintzia. Merkantzia sortaren norakoa baztergune edo desbideratze partikular bat izanez gero, haren izen ofiziala zehaztu beharko da erabiltzen duen geltokiaren izenaren ondoan.
  5. Espedizioa egingo den eguna.
  6. Merkantzia tren-enpresari garraioa egiteko entregatuko zaion lekua.
  7. Merkantzia norakora iristean, geltokian edo jasotzailearen helbidean entregatuko den zehaztu behar da, horretarako aurreikusitako egunarekin batera.
  8. Adostutako tarifa edo prezioa, prezio horren zenbaki edo kodearekin batera, eta zerga eta tasa guztiak barne hartzen direla zehaztuz.
  9. Garraiatu beharreko merkantzien izendapena eta ezaugarriak, ahalik eta xehetasun gehien emanez. Espedizio edo bidalketan merkantzia arriskutsurik badago, dakarten arriskuaren ezaugarri zehatzak eman behar dira, RIDen produktuari buruz aipatzen diren datu guztiak, bateraezintasunak, garraiorako baldintzak eta kontuan hartu beharreko neurri guztiak zehaztuz. Xehetasun horiek garraio-gutunean jasotzen ez badira, garraiatzailea merkantzia horiek garraiatzeak dakarren arrisku zehatzaren jakinaren gainean bazegoela frogatzeko probaren karga berorren bidaltzaileari edo jasotzaileari egokituko zaie.
  10. Fardelen pisu gordina eta bolumena. Pisu hori merkantzia mota bakoitzeko bereizita adierazi beharko da, merkantziak fardel desberdinetan bilduta edo ontziratuta egonez gero. Merkantzia handiak, hots, metro kubikoko gutxienez 150 Kg pisatzen dutenak, benetako pisuaz gain, fardelek metro kubikoko duten bolumena ere adierazi beharko da. Mota desberdinetako merkantziak fardel bakar batean bilduta egonez gero, fardelaren pisu osoa adieraziko da, merkantzia bakoitzak duen pisuarekin batera.
  11. Tasazioko pisua. Garraioaren prezioa kalkulatzeko oinarritzat hartuko da.
  12. Animalia, ibilgailu, treneko material eta abarrekin batera doazen bestelako pertsonen izen-abizenak eta NAN (edo haren ordezko agiria).
  13. Objektuak fakturatzeko aurkeztu diren egun eta ordua.
  14. Garraiorako erabilitako bagoi edo edukiontzien matrikula-zenbakia edo identifikatzeko kode alfanumerikoa, serieko zenbakia eta pisua.
  15. Merkantzia eta bilgarria zein egoeratan dagoen, aldez aurretik nabarmendu beharreko matxurarik edo irregulartasunik ikusiz gero.
  16. Garraioa estali gabeko bagoietan egiten bada, horixe adierazi beharko da adierazpen/garraio-gutunean eta taloi bikoiztuan.
  17. Galdutako edo hondatutako merkantziak estaltzen dituzten aseguru eta merkataritza-fidantzamenduak.
  18. Adierazpena/garraio-gutuna sinatzen duena bidaltzailea ez bada, haren ordez diharduen pertsonak (Renfe-Operadoraz kanpokoa) formula hau erabili beharko du: “mandatari bezala eta haren ordezkari gisa“. Formula horren ondoan bere sinadura eta NAN zenbakia jarri beharko ditu.
  19. Bidaltzaileak jarritako zigilurik dagoen, eta, egotekotan, haien zenbakiak.
  20. Garraioa ongi egiteko, garraioarekin edo merkantzien ezaugarriekin zerikusia duten gainerako gorabehera guztiak.

3.1.3. Bidaltzaileak Renfe-Operadorari edo hark izendatutako langileei paperean emandako edo bitarteko telematikoz bidalitako adierazpen/garraio-gutuna garraio-kontratuaren agiria izango da. Renfe-Operadorak agiri horren kopia bat gordeko du beti. Renfe – Operadorak finkatutako garraio-gutun ereduaren ordez ezin da beste agiririk erabili, eta ezin izango da baimendutakoez gain beste agiririk erantsi.

3.1.4. Adierazpen/garraio-gutuntzat hartuak izateko bete beharreko baldintzak bete gabe, garraio-kontratuan parte hartzen duten aldeek paperean edo formatu elektronikoan aurkeztutako gainerako agiriek beren edukitik ondorioztatzen den froga-indarra, eta beste edozein froga juridikotik ondorioztatzen dena, izango dute.

3.1.5. Aurrekoa alde batera utzita, espedizioak eta bagoiak telefaxez fakturatu daitezke, Renfe-Operadorak finkatutako eredua erabiliz. Fakturazio-eskaera horiek kreditu-txartela duten bezeroek egin ditzakete bakarrik. Bide horrez bidalitako dokumentazioa egitekoa den garraioaren aurre-jakinarazpena izango da, baina adierazpen/garraio-gutuna bete beharko da geroago.

3.2. Garraio-gutunaren taloi bikoiztua

Fakturazioa garraio-gutun elektronikoarekin egiten den kasuetan izan ezik, Renfe-Operadorak edo hark izendatutako langileek garraio-gutunaren taloi bikoiztu bat entregatuko diote bidaltzaileari fakturazioa egitean. Taloi bikoiztu horrek geltoki igortzailearen sinadura eta zigilua izango ditu, eta adierazpen/garraio-gutunean jasotako datu berberak izango ditu. Horrez gain, jasotzaileak merkantzia jaso duela sinatzeko tartetxo bat agertuko da bertan. Renfe-Operadorak ez ditu adierazpen/garraio-gutunaren barruko eranskinak entregatu beharrik.

Bidaltzaileak garraio-gutunaren taloi bikoiztua ez jasotzea dauka, gorago adierazitakoari jarraiki nahitaez adieraztekoak diren datu guztiak agertzen ez badira.

3.3. Garraio-kontratua gauzatzeko baldintzak

Garraio-kontratua ondorengo baldintza hauek betetakoan egongo da guztiz osatua:

  1. Bidaltzaileak fardel, merkantzia edo edukiontziak Renfe-Operadorak adierazitako lekuan –edo bagoi baten barruan, zama-lanak hark egin behar baditu– entregatzea.
  2. Adierazpen/garraio-gutuna entregatzea, merkantziarekin aurkeztu beharreko gainerako dokumentuekin batera.
  3. Renfe-Operadorak baimendutako langileek dagokion zigilua jartzea adierazpen/garraio-gutunean, adierazpenean aipatutako fardel, bagoi eta espedizioak guztiz entregatutakoan. Bidaltzaileak edo haren ordezkariak zigilua beraiek bertan direla jartzeko eskatzea daukate.
  4. Garraio-gutunaren taloi bikoiztua bidaltzaileari entregatzea, estazio hartzailearen sinadura eta zigiluarekin baimenduta.

2., 3. eta 4. ataletan aipatutako eragiketak bitarteko telematikoen bidez egin daitezke, garraio-gutun elektronikoa erabiliz gero.

Baldintza hauek guztiak betetakoan, guztiz osatuta geldituko da kontratua eta Renfe-Operadorari entrega ondo egin zaiola ulertuko da.

3.4. Gezurrezko adierazpenari edo adierazpen osagabeari dagozkion erantzukizun eta zigorra

Bidaltzaileari dagokio adierazpen/garraio-gutunean esandako guztia zehatza dela ziurtatzea, eta hari egotziko zaizkio adierazpen horretan gezurrik, okerrik edo hutsunerik egonez gero Renfe-Operadorari nahiz hirugarrenei eragindako kalteek ekarritako ondorioak.

Hortaz, dagokiona baino garraio-kostu txikiagoa ordaintzearren, merkantzien ezaugarriei edo pisuari dagokionez, bidaltzaileak adierazpen/garraio-gutuna guztiz osatu ez edo bertan gezurrik jartzen badu, gehiegizko pisuagatik edo adierazitako merkantzien ezaugarriengatik dagokion prezioaren bikoitza ordaindu beharko dio Renfe-Operadorari zigor bezala. Horrez gain, adierazpen horrek Renfe-Operadorari nahiz hirugarrenei eragindako kalte-galerak ere ordaindu beharko ditu.

Bidaltzaileak kargatutako bagoi edo edukiontziak berriz pisatzean gainkargarik baldin badago, finkatutako gehienezko karga gainditzen duen pisua garraiatzeari dagokion pisuaren BOSKOITZA kobratuko du Renfe-Operadorak zigor gisa.

Garraio-kostuak jasotzaileak ordaindu behar dituen kasuetan, eta adierazpen osagabea edo okerra duen merkantziaren ardura bidaltzaileak bere gain hartzen duen kasuetan, garraio-gutunean adierazitako pisua gainditzen duen pisuarengatik adostutako prezioaren bikoitza eskatu ahal izango du Renfe-Operadorak, bidaltzaileak zenbateko hori ordaindu ez badu. Nolanahi ere, bidaltzaileak merkantzia bere gain hartzeari uko egiten badio, ez du kopuru hori ordaindu beharko.

3.5. Adierazpen faltsua egoteko susmoa dagoenean egin beharreko miaketa

Bidaltzaileak Renfe-Operadorak esku hartu gabe kargatutako bagoi edo edukiontzi bati edo fardel baten eduki edo pisuari edo espedizioari buruzko adierazpena faltsua delako susmorik egonez gero, Renfe-Operadorak haiek miatzea edo pisua egiaztatzea erabakiz gero, lekukoen aurrean egin beharko du miaketa edo pisaketa berria, bidaltzailea edo jasotzailea bertan direla. Haiek miaketara edo pisaketa berrira joaten ez badira, notario bidez deituko zaie. Kasu horretan ere joaten ez badira, fardel, edukiontzi edo bagoia ireki eta berriz pisatuko da, aipatutako notarioa eta, hala badagokio, lekukoak ere bertan direla, edo, bestela, eskumeneko Garraioko Arbitraje Batzordearen aurrean. Pisaketa berria notario baten edo Garraioko Arbitraje Batzordearen aurrean egiten bada, ez da lekukorik behar izango.

Miaketa egin eta gero, aktan jasoko dira xehetasun guztiak. Bertan dauden guztiek akta sinatu beharko dute, bere burua identifikatuz. Aktan datu hauek jaso behar dira: miaketa zein leku eta egunetan egin den, bidaltzaileari edo jasotzaileari bidalitako jakinarazpena, bertaratu diren ala ez, fardel, bagoi edo edukiontzien kopurua, merkantzia mota, haren egoera eta gorabeherak, adierazpen/garraio-gutunean adierazitakoaren arabera eta fardel, bagoi edo edukiontzia irekitzean benetan direnak, lekukoen izena eta helbidea, lekukorik egonez gero.

Miaketa egin eta bidaltzaileak adierazitakoa zuzena zela ikusiz gero, Renfe-Operadorak hartuko ditu bere gain sortutako gastu guztiak, merkantzia berriz ere biltzeko gastuak barne.

Aldiz, adierazpena gezurrezkoa dela ikusiz gero, gastu horiek bidaltzaileak hartu beharko ditu bere gain, edo jasotzaileak, bestela, merkantzia bere gain hartzen badu.

3.6. Garraiatzeko onartuko ez diren objektuak

Renfe-Operadorak ez du ondorengoak onartu beharrik:

  1. Beren neurri, pisu edo bilgarriengatik, eskatutako garraiora egokitzen ez diren objektuak, edo materialaren berezko zailtasunengatik edo instalazioen ondorioz eskatutako garraioa egitea galarazten dutenak.
  2. Legeek edo ordena publikoko neurriek garraiatzea galarazitako objektuak.
  3. Legeek edo ordena publikoko neurriek garraiatzea galarazitako objektuak.

3.7. Ondorengo merkantzia eta fardelak ez garraiatzea erabaki dezake Renfe-Operadorak

bagoian doazen edukiontzi, merkantzia edo fardelak, haien barne-antolaketarengatik edo beren edukiarengatik, matxurarik edo kalterik jasateko susmo sendoak sorrarazten badute; bilgarri edo ontziak merkantziak ondo kontserbatzeko desegokiak (urriegiak edo akastunak) dituzten fardel eta espedizioak; eta manipulatuz gero pertsonak edo merkantziak berak arriskutan egon daitezkeela ohartarazten duten idazkun eta ohar egokiekin seinaleztatu beharreko merkantziak.

3.8. Fardelak errotulatu beharra

Bidaltzaileak fardel guztiak etiketatu behar ditu idazkera argi eta iraunkorra erabiliz. Datu hauek jarri behar dira etiketetan: zein geltokitara doazen, bidaltzailearen eta jasotzailearen izena eta helbidea, merkantzia mota eta, espedizioan fardel bat baino gehiago egonez gero, fardel bakoitzari dagokion zenbakia, fardel kopuru osoa aipatuz. Etiketetan adierazitako zenbakiek bat etorri behar dute garraio-gutunean adierazitakoekin.

Renfe-Operadorak etiketa edo errotulu eredu bakarra finkatzea dauka, fardelak errazago identifikatzeko.

Renfe-Operadorak ez du erantzukizunik izango, etiketak okerrak edo nahikoak ez izatearen ondorioz, fardelak entregatzean okerrik gertatuz gero.

3.9. Garraio-kostu eta gastu osagarrien prezioa ordaintzeko beharra

Garraio-kostuak ordainduta egongo direla adostuz gero, zamaketariak edo bidaltzaileak ordaindu beharko du garraioari dagokion prezioa eta jasotzaileak edo baimendutako pertsonak, garraio-kostua jasotzean ordaina adostuz gero.

Zamaketari edo bidaltzaileak edo jasotzaileak berariaz eskatuta berriz pisatzeagatik, zigiluengatik, kargatzen, deskargatzen edo materiala biltegiratzen edo geldiarazten atzeratzeagatik nahiz bestelakoengatik sortutako gastuak halakoak eskatu dituen bidaltzaile edo jasotzaileak ordaindu beharko ditu.

Aurreko paragrafoetan adierazitakoa nahitaez bete behar da, non eta Renfe-Operadorak eta bezeroak garraio-gastuak eta bestelako gastu osagarriak bestela ordaintzeko adostu ez duten (kreditu-txartelaren bidez, txekeen bidez.).

Garraio-kontratuaren ondorioz bere alde dauden kreditu guztiengatik lehentasunezko hartzekodunari dagozkion eskubide guztiak izango ditu Renfe-Operadorak merkantzien gain. Entrega egin eta zortzi egunera indarrik gabe geldituko da eskubide hori. Hartzekodun arrunta den aldetik indarrean dauden legeek ematen dizkioten eskubideak izango ditu orduan eta merkantzien salmenta judiziala eskatzea izango da, bai epaile baten bidez bai eskumeneko Garraioko Arbitraje Batzordearen bidez, dagozkion kredituak kitatzeko.

3.10. Zamaketariek eta jasotzaileek erantzukizun zibileko asegurua egiteko betebeharra

Trenbide Sektorearen Araudiko 91. artikuluari jarraiki, zamaketariek eta jasotzaileek erantzukizun zibileko aseguru bat eratu beharko dute, merkantziarekin zama-lanak egitean eragin litezkeen kalteei aurre egiteko.

3.11. Garraioaren prezioa ordaintzeko moduak

Garraio-kostu eta gastu osagarriak esku-dirutan ordaindu behar dira legezko dirua erabiliz edo, 3.9. baldintzan adierazitakoari jarraiki, Renfe-Operadorarekin adostutako beste bideren bat erabiliz.

Dirua aldatzean okerrik edo alderik egonez gero, dirua faltsua izanez gero… erreklamaziorik egin behar bada, ordaintzeko unean bertan egin beharko dira, geroago ez baitira onartuko.

4. GARRAIO-ERREGIMENA ETA MERKANTZIAK ENTREGATZEKO PREST JARTZEA

4.1. Merkantziak bagoietan kargatu, antolatu eta deskargatzeko eragiketak

Aldeek aldez aurretik besterik itundu ezean, karga osoko erregimenean egiten diren espedizioak bidaltzaileek eta jasotzaileek kargatu eta deskargatu beharko dituzte, hurrenez hurren, beraien bitartekoak erabiliz edo, dagokion prezioa ordainduta, Renfe-Operadorak haien esku uzten dituzten bitartekoak erabiliz.

Zamaketariak edo bidaltzaileak izango dute zeregin horiek egitean zabarkeriaz aritzearen ondorioz Renfe-Operadorari nahiz hirugarrenei eragindako kalte-galeren gaineko erantzukizuna. Hortxe sartzen dira trenen zirkulazio normala galarazten duten galerak ere, eta zama-lanak egin dituen bidaltzailearen aurka bestelako neurriak hartzea egongo da, halaber.

Dena den, bidalketa edo espedizioa osatzen duten merkantziak ondo antolatzeko jarraibideak emango ditu Renfe-Operadorak, eta zamaketa eta antolaketa jarraibide horiei jarraiki egin arren merkantzian kalterik eraginez gero, Renfe-Operadora izango da kalteon erantzulea, kalteok hark emandako jarraibideen ondorioz gertatu baldin badira.

4.2. Bagoiak zama-lanak egiteko egokitzea

Merkantzia kargatzen hasi aurretik, bere esku utzitako bagoi eta edukiontziak erabili nahi duen xederako egokiak direla, ageriko okerrik ez dutela eta garbi daudela egiaztatu beharko du bidaltzaileak, eta eragozpenik izanez gero berehala jakinarazi beharko dizkio Renfe-Operadorari.

Bagoia ageriko matxurekin edo garbitu gabe onartzen duen bidaltzaileak bere gain hartzen du egoera horren ondorioz kargatutako merkantziak izan litzazkeen kalte guztien gaineko erantzukizun osoa.

Zama-lanak egiteko zortzi ordu balioduneko epea emango da, bagoia bezeroaren esku jarri den unetik hasita, kargatzeko bada, eta jasotzaileari bagoia iritsi deneko jakinarazpen zuzena eta nahikoa ematen zaionetik hasita, 4.8. baldintzan adierazitakoari jarraiki. Zama-lanak emandako epean egiten ez badira, materiala geldiarazteari eta biltegiratzeari dagokion zigorra kobratuko da.

Deskarga egiteko emandako epea igarota jasotzaileak merkantzia deskargatzen ez badu, Renfe-Operadorak haren kontura egin ahal izango du, egoki iritziz gero, eta sortutako gastuak kobratuko dizkio. Horrez gain, materiala geldiarazteari eta biltegiratzeari dagokion tasa ere kobratu ahal izango du. Horretarako, emandako epea gainditu egin behar da eta bagoiak esandako orduan jarria behar du jasotzailearen esku, atzerapenaren errua Renfe-Operadorari leporatzerik ez egoteko.

Jasotzaileek garraiorako erabilitako bagoi eta edukiontziak jaso zituzten moduan itzuli behar dizkiote Renfe-Operadorari, eta betebehar hau urratuz gero sortu litezkeen kalte-galerak ordaindu beharko dituzte, bestela.

4.3. Espedizio bakoitzeko gutxieneko pisu eta distantzia

Bagoi osoan, tasatzeko gutxieneko pisua kasu bakoitzean adostutako hitzarmen edo itunen arabera aplikatu beharreko tarifek ezarritakoa izango da, eta tasatzeko garaian 100 kg-ko goiko multiploarekin biribilduko da pisua.

Tasatzeko gutxieneko distantzia 100 Km izango da. Renfe-Operadorak tarifak aplikatzeko garaian kilometro osoak hartuko ditu erreferentziatzat, eta distantziak hurrengo kilometroarekin biribilduko dira. Horretarako, bezero eta erabiltzaileentzako taula batzuk egongo dira merkantzien trafikorako erabiltzen diren geltokietan eta Renfe-Operadoraren Interneteko orrietan.

4.4. Garraioak egiteko bideak

Bidaltzaileak ibilbideren bat eskatuz gero, ibilbide hori adierazgarria izango da baina Renfe-Operadora ez da behartuta egongo ibilbide hori betetzera. Zerbitzurik onena emateko egokiena iruditzen zaion ibilbidea aukeratuko du Renfe-Operadorak garraioa egiteko, eta gehieneko epeak garraio-kostuak tasatzeko bideari dagozkionak izango dira. Ibilbiderik laburrena aukeratuko da beti, eskumena duten erakunde ofizialek modu justifikatuan beste ibilbiderik agintzen ez badute behintzat.

Renfe-Operadorak erabiltzaileak proposatutako ibilbidea onartuz gero, adierazpen/garraio-gutunean berariaz adieraziko da hori, eta bai kobratu beharreko garraio-kostuak bai garraiatzeko gehienezko epeak ibilbide horri dagozkionak izango dira orduan.

Erabiltzaileak ibilbide bat eskatu eta Renfe-Operadorak bere adostasuna berariaz adierazten ez badu, onartu ez duela esan nahiko du horrek.

4.5. Espedizioen kontsignazio edo norakoa aldatzea

Bidaltzaileak garraio-gutunaren taloi bikoiztua bere esku izan eta merkantzia helmugako geltokira iristen ez den bitartean, kontsignazioan edo norakoan aldaketak egiteko eskatzea izango du. Horretarako, taloi bikoiztua aurkeztu eta garraio-kostu berriak ordaindu beharko ditu, sortutako gainerako gastuekin batera. Taloian zehaztapen egokiak egin eta gero edo, hala badagokio, taloia kontratuko xehetasun berriak jasotzen dituen beste taloi batekin ordezkatu eta gero, Renfe-Operadorak bidaltzaileari itzuliko dio taloia.

Norakoa aldatzearen ondorioz dagokion zenbatekoa kobratzeko edo itzultzeko betebeharra izango du Renfe-Operadorak.

Bezeroak hala eskatuta, Renfe-Operadorak norakoa edo osaera ibilbidean bertan aldatzeko (amaierako helmuga edo bagoi kopurua aldatuz) onartu duen karga osoko espedizioetan, espedizioa aldaketa gertatzen den lekuan bukatzen dela ulertuko da , eta espedizio berria edo berriak sortuko dira orduan.

4.6. Garraioa edo entrega egiteko ezintasunak

Merkantzia bat fakturatu eta gero, Renfe-Operadoraren zerbitzuaz kanpoko eragozpenen ondorioz merkantzia sorta garraiatzerik edo jasotzaileari entregatzerik ez balego, Renfe-Operadorak horren berri emango dio bidaltzaileari, merkantzia helmugara iritsi gabe badago, edo jasotzaileari, merkantzia helmugako geltokian egonez gero. Jakinarazpen hori jasotakoan, bidaltzaileak edo jasotzaileak merkantziekin zer egin nahi duten adierazi beharko dute garraio-gutunaren taloi bikoiztua aurkeztuta, eta Renfe-Operadorak haiek agindutakoa bete beharko dute.

Atzerapena Renfe-Operadoraren erruz gertatuz gero, Merkantzaritza Kodeko 371. artikuluak agindutakoa betearaztea izango du bidaltzaileak, bai errefusa-eskubidea gauzatuz, bai egoera honi buruz adostutakoari nahiz 4.16. baldintzak zehaztutakoari jarraiki dagokion kalte-ordainik handiena eskatuz.

4.7. Trenbidezko garraio-zerbitzua etetea edo bertan behera uztea

Merkantziak trenez garraiatzeko zerbitzua eten edo bertan behera gelditzen bada Renfe-Operadoraren erruz , merkantziak beste tren batean edo beste garraiobideren bat erabiliz garraiatu beharko ditu Renfek, edo ordaindutako zenbatekoa itzuli beharko dio bezeroari. Hark erabakiko du bi bideetako zein aukeratu. Horrez gain, dagozkion kalte-ordainak ordaindu beharko ditu Renfe-Operadorak.

Renfe-Operadoraren errua ez diren arrazoien ondorioz trenbidezko garraioa eten dela eta Renfe-Operadorak trafikoarekin jarraitzeko bitarteko osagarri eta ordezkoak jartzen baditu, bidaltzaile edo jasotzaileek zerbitzu osagarri eta ordezko horiei dagozkien kostuak ordaindu beharko dituzte.

Adierazitakoaren ondorioz garraioa eteten bada eta merkantziak ibilbide luzeago batetik garraiatu behar badira, ibilbide luzeago horri dagokion prezioa kobratzeko eskubidea izango du Renfe-Operadorak, ibilbide-aldaketa haren errua ez bada behintzat.

4.8. Merkantziak iritsi direla jakinaraztea

Jasotzaileen helbidean entregatu behar ez diren espedizioak iristean Renfe-Operadorak telefonoz, telefaxez edo posta elektronikoz jakinaraziko die jasotzaileei, jakinarazpena noiz egin duen jasota uzten saiatuz, bagoi osoez osatutako espedizioen kasuan bereziki, materiala geldiaraztea saihestu eta, horrela, jasotzaileek horregatik ordaindu behar izan ez dezaten.

4.9. Espedizioak entregatzeko modua

Espedizioak jasotzaileari haren helbidean, geltokian edo horretarako egokitutako lekuan entregatzeko, garraio-gutunaren taloi bikoiztua itzuli beharko zaio Renfe-Operadorari aurrena, baldintza hauek betez:

1. Espedizioak jasotzaileari entregatzeko hark bere NAN edo pareko agiria aurkeztu beharko du , eta garraio-gutunaren taloi bikoiztua behar bezala sinatuta itzuli beharko du.

2. Era berean, jasotzailerik ez badago, beste pertsona batek sinatzea dauka taloi bikoiztua, legez haren ordez jarduteko ahalordea izanez gero.

3. Jasotzaileak garraio-gutunaren taloi bikoiztua galduz gero, merkantzia entregatuko zaio nor den behar bezala frogatuz gero. Merkantzia jaso izanaren ziurtagiri bat luzatuko da orduan, taloi bikoiztua aurkeztu izanaren ondorio berberekin.

4. Jasotzaileak garraiatutako espedizioak onartutakoan, espedizioak garraio-gutunaren taloi bikoiztuarekin edo haren ordezko dokumentuarekin trukatutakoan eta garraio-gastuak eta gainerako gastuak ordaindutakoan (jatorrian ordaindu ez badira), agortutzat emango dira bidaltzaileak nahiz jasotzaileak Renfe-Operadoraren aurka hasitako auzi guztiak, non eta entrega egiteko unean bertan idatziz eta erregelamenduak agindutako moduan erreklamaziorik edo eskubide-erreserbarik ez den egiten, Merkataritzako Kodeko 366. eta 374. artikuluek diotenari jarraiki. Halako erreserbarik egin ezean, entrega egin eta gero Renfe-Operadorari gaizki ordaindutako garraio-gastuei edo bestelako gastuei buruzko erreklamazioak onartuko dira bakarrik.

4.10. Pisua edo prezioa zuzentzea, helmugako geltokian

Merkantzia helmugan entregatzean, pisuan nahiz prezioan egon litezkeen okerrak zuzendu ahal izango dira. Eskubide hori norabide bikoa da, eta Renfe-Operadorari nahiz jasotzaileari eragiten die.

Hala, bidalketa bat berriz pisatu eta hasieran adierazitako pisuarekin alderik egonez gero, pisu berria pisu garbitzat hartuko da, eta pisu hori hartuko da erreferentziatzat tasazioa zuzentzeko garaian.

Beren berezko ezaugarrien ondorioz nahiz garraioaren kanpo-baldintzen eraginez (ezusteko fenomeno meteorologikoen eraginez, adibidez) pisua handitu edo txikitu dezaketen merkantziak helmugara iristean berriz ere pisatzea komeni da. Nolanahi ere, Renfe-Operadorak ez du erantzukizunik izango merkantzien pisuan arrazoi horiengatik egondako aldaketen gainean.

Hala eta guztiz ere, pisua txikitzea saihestezina baldin bada, kasu zehatz horietan hitzarmen bat adostu daiteke bidaltzaile edo jasotzaileekin, berezitasun hori tasatzearren.

Merkantziak edozein arrazoirengatik helmugako geltokian berriz pisatzen badira, benetako pisua izango da oinarritzat hartuko dena:

  • a/ Kobratu beharreko garraio-kostuak kalkulatzeko, irteeran ordaindu ez badira.
  • b/ Garraioa helmugan edo irteeran ordaindu behar den arabera, bidaltzaileak edo jasotzaileak Renfe-Operadorari edo Renfe-Operadorak haiei ordaindu beharreko garraio-kostuak kalkulatzeko, irteeran kobratutako garraio-kostuak merkantziaren benetako pisuari dagozkionarekin bat ez datozen kasuan.

Espedizioan gutxieneko karga kobratu behar izanez gero, eta karga hori lehenago aipatutako arauei jarraiki kalkulatutako tasazio-pisua baino astunagoa izanez gero, gutxieneko karga hori aplikatuko da, hura arautzen duten baldintzetan esaten denarekin bat etorriz.

4.11. Jasotzaileek matxura, galera edo hutsegiteengatik erreklamaziorik aurkeztuz gero egin beharreko aktak

Merkantzia sortaren baten matxura, galera edo hutsegiteengatik erreklamaziorik aurkeztuz gero, dagokion akta osatu beharko da. Akta hori bidaltzailearen eta Renfe-Operadoraren artean egin daiteke adiskidetasunez, edo notario baten nahiz eskumeneko Garraioko Arbitraje Batzordearen aurrean.

Aldeek komeni dela erabakiz gero, perituak izendatu ditzakete akta jasotzen denerako. Akta sinatu beharko dute peritu horiek. Alde bakoitzak bere perituaren zerbitzu-sariak ordainduko ditu eta, desadostasunik egonez gero, peritu judizialik edo epaitegiaz kanpoko beste perituren bat izendatuz gero, haren zerbitzu-sariak bi aldeen artean ordainduko dituzte erdibana, besterik adosten ez bada behintzat.

Izendapena egiteko eskumeneko Garraioko Arbitraje Batzordera joz gero, hura izango da peritua izendatzen duena, bere araudian finkatutako prozedura erabiliz.

Akta merkantziak entregatzerakoan egingo da, eta xehetasun hauek zehaztuko dira bertan: merkantziaren edo fardelen kanpoko eta ageriko egoera; haien pisua, markak eta zenbakia; ezaugarriak eta kopurua; berezitasunak eta egoera; bustidura edo beste edozein narriadura berria izan edo ez izan; matxura noiz gertatua izan litekeen; haren kausa zein izan ote litekeen eta, azkenik, merkantzian eragindako kalte edo hondamenaren balioa, bai eta jasotzea egokitzat jotzen diren gainerako datu eta zehaztapen guztiak ere.

Merkantziak entregatzerakoan nabarmen ikusten ez diren kalteak egonez gero edo merkantziarik faltaz gero, gehienez ere 24 orduko epea egongo da dagokion erreklamazioa aurkezteko, merkantzia entregatzen den unean hasita, eta Merkataritza Kodeko 366. artikuluari jarraiki.

Baldintza honetan aipatutako akta bertan adierazitako gertakarien, gorabeheren eta zehaztasunen frogatzat hartuko da, aldez aurretik inolako eskubiderik epaitu gabe.

4.12. Merkantziak jasotzeari uko egitea edo haien bila ez joatea

Jasotzailea edota bidaltzailea adierazpen/garraio-gutunean adierazitako helbidean ez badago, merkantzia jasotzeari uko egiten badio edo, hura jaso behar izanik, haren bila ez badoa, Renfe-Operadorak jarraibide berriak eskatu beharko dizkio bidaltzaileari.

Bidaltzaileak merkantzia garraio-gutunean adierazitakoaz bestelako helbidera eramateko aginduz gero merkantzia hori gordailutzea erabaki lezake, hurrengo paragrafoan adierazitakoari jarraiki, edo merkantzia hori norako berrira eramatea. Azken kasu horretan 4.16. baldintzan zehaztutako arauak beteko lituzke Renfe-Operadorak.

Renfe-Operadorak bidaltzaileari jarraibide berriak eskatzerik ez badu, edo jarraibide horiek eskatu eta bi orduko epean jasotzen ez baditu, Renfe-Operadorak merkantziak gordailutzeko eskatu ahal izango dio eskumeneko agintari judizialari edo Garraioko Arbitraje Batzordeari. Gordailuan hartzailearen esku geldituko dira merkantziak edo hirugarrenen esku, eskubide hobeak agindutakoaren arabera. Gordailutze horrek entregaren ondorio berberak izango ditu.

Era berean, eta aurreko paragrafoan esandako guztiari jarraiki, merkantziak jasotzaileak ordaintzeko moduan bidali badira eta merkantziak entregatzeko garaian hark garraioa ordaindu nahi ez badu, Renfe-Operadorak merkantziak gordailutzeko eskatzea izango du, ordainketa geroratua itunduta dagoela justifikatu ezean. Bestela, ordainketa merkantziak jasotzeko unean egin beharko da, esku-dirutan.

Gordailutzeak eragindako gastuak zamaketari-bidaltzaileak edo jasotzaileak ordaindu beharko ditu.

4.13. Merkantzien nahitaezko salmenta

Renfe-Operadorak jasotzaileari merkantziak entregatu edo, aurreko baldintzan zehaztutako balditzetan, merkantzia gordailutu eta 24 ordu igarotakoan, garraioaren prezioa ordaindu ez bada, hura jasotzaileak ordaintzeko adostuz gero, Renfe-Operadorak merkantziak saltzeko edo besterentzeko eskatu ahal izango dio agintari judizialari edo Garraioko Arbitraje Batzordeari. Garraioaren eta eragindako gastuen zenbatekoa ordaintzeko adinako kopuruan salduko dira merkantziak.

Eskubide berezi hau indarrik gabe geldituko da merkantziak entregatu edo gordailutu eta zortzi egunera eta, orduan, Renfe-Operadorak ezin izango du hartzekodun arrunt gisa dagozkionez gain bestelako neurririk hartu.

Renfe-Operadorak lehentasunezko hartzekodunen eskubideak izango ditu merkantzien gain, garraio-kontratuaren ondorioz bere alde dauden kredituen zenbatekoan. Merkantziak jasotzaileari entregatu ondoren ere, indarreko xedapenek ematen dizkioten eskubideak izango ditu eta garraiatutako merkantziak bide judizialetik saltzeko edo Garraioko Arbitraje Batzordearen bidez besterentzeko eskatzea izango du, bere alde dauden kredituak kitatzeko.

4.14. Merkantzia galkorrak

Garraiatutako merkantziak beren ezaugarrien ondorioz edo saihestezineko istripu baten ondorioz galtzeko arriskuan baldin badaude entrega egiteko, jabeek haiekin zer egin erabaki edo jarraibiderik emateko astirik izan aurretik, merkantzia horiek gordailutzeko edo besterentzeko eskatu ahal izango dio Renfe-Operadorak eskumeneko Garraioko Arbitraje Batzordeari. Batzorde horrek merkantziak zuzeneko salmentara atera ahal izango ditu orduan, eta hori eginez gero ahalik eta baldintza onenak lortzen saiatu beharko du. Bestela, gorago adierazitako arau orokorrei jarraiki besterendu beharko du merkantzia.

Merkantziak duen egoeraren ondorioz, zorra kitatzeko behar dena baino kopuru handiagoa saldu behar izanez gero, soberakina eskubidea duela frogatzen duenari emango zaio. Salmentan edo enkantean lortutako zenbatekoa zor osoa kitatzeko adina ez bada, bidaltzaile-zamaketariak aldea ordaindu beharko du.

4.15. Osasun-publikoko arrazoiengatik edo ingurumeneko kutsaduragatik suntsitu beharreko merkantziak

Renfe-Operadoraren esku dauden merkantziak osasun publikoarentzat arriskutsuak badira edo kutsadurarik eragin badezakete, indarrean dagoen legeria bereziak agindutako moduan tratatuko dira merkantzia horiek.

Horretarako, adierazitako moduan jardun aurretik, akta bat osatu beharko da Renfe-Operadoraren ordezkariek eta kanpoko bi lekukok sinatuta eta, hala badagokio, aditu-txosten bat ere idatziko da, merkantziak suntsitzeko zeuden arrazoiak azalduz.

4.16. Renfe-Operadoraren erantzukizuna merkantzien kalte, galera, matxura eta lapurretengatik nahiz merkantziak entregatzen berandutzeagatik.

4.16.1. Renfe-Operadoraren erantzukizunei buruzko arau orokorrak

  • a/ Erantzukizunaren hasiera: Renfe-Operadoraren erantzukizuna merkantzia guztiak entregatu zaizkionean hasiko da, hau da, merkantzia guztiak garraioa egiteko erabiliko den bagoi edo plataforman kargatuta, antolatuta eta egokituta daudenean eta, hala badagokio, garraio-kontratua osatu denean, 3.3. baldintzan zehaztutako moduan. Horrek ez du esan nahi zamaketariak nahiz bidaltzaileak ere beren erantzukizunik ez dutenik.
  • b/ Erantzukizunetatik salbuesteko kasuak:
    • Ondoren zehazten diren kasuetan, Renfe-Operadorak ez du erantzukizunik izango fakturatutako gai eta merkantziei eragindako kalteen gain, kalteok ondoren zehaztutako kausaren batengatik edo gehiagorengatik gertatuz gero:
      • I. Estali gabeko bagoietan egindako garraioak berezkoa duen arriskua, modu horretan garraiatutako merkantzietan, tarifa berezietan adierazitakoari jarraiki edo bidaltzailearekin adostu eta adierazpen/garraio-gutunean zehaztutakoari jarraiki.
      • II. Bilgarri ezagatik edo bilgarriak akatsak dituelako, merkantziak bildu gabe egonez gero beren ezaugarrien ondorioz pisu-aldaketarik edo matxurarik jasan baditzakete, eta fakturatzeko garaian halakoak ikusi ez badira.
      • III. Zama-lanek berezkoa duten arriskua, edo karga akastun batek eragindakoa, bidaltzaileak kargatu edo jasotzaileak deskargatutako merkantzien kasuan.
      • IV. Zenbait merkantziek beren ezaugarrien ondorioz guztiz nahiz zati batean galtzeko edo ondorengo kausaren baten ondorioz matxuraren bat izateko duten arrisku berezia: haustura, barneko nahiz bat-bateko narriadura, oxidazioa, aparteko lerma, lehorketa edo gutxitzea.
      • V. Garraiatzeko baztertuta egon arren, izendapen irregular, osagabe edo ez-zehatza erabiliz, bidaliak izan diren objektuek eragindako arriskua edo, baldintza jakin batzuetan bakarrik onartzekoak diren objektuak, izendapen irregular, osagabe edo ez-zehatza erabiliz, eta bidaltzaileak agindutako edo komeni diren neurriak hartu gabe fakturatuak izan diren objektuek eragindakoa.
      • VI. Bidalketa osatzen duten fardelek marka edo inskripzio okerrak edo urriegiak izatea.
    • Nolanahi ere, aipatutako kausek eragindako galera eta matxurak Renfe-Operadoraren zabarkeriarengatik gertatuak direla frogatzen bada —eman dizkioten jarraibide bereziak bete ez dituelako edo arretaz jokatzen duten pertsonek hartu ohi dituzten neurriak hartu ez dituelako—, halakoen gaineko erantzukizuna izango du orduan Renfe-Operadorak, non eta bidaltzaileak edo zamaketariak adierazpen/garraio-gutunean gezurrik esan ez duten, espedizioa osatzen duten merkantzien kalitate edo mota berez dutenaz bestelakoa dela adierazita.
    • Aurreko paragrafoan aipatutako neurriak hartuta ere, espedizioa osatzen merkantziak beren ezaugarrien ondorioz edo saihestezineko istripu baten ondorioz galtzeko arriskuan baldin badaude jabeek haiekin zer egin erabakitzeko astirik izan aurretik, Renfe-Operadorak merkantziak saltzeko eskatu ahal izango dio agintari judizialari edo besterentzeko , bestela, eskumeneko Garraioko Arbitraje Batzordeari.
  • c/ Kalte, galera, matxura eta atzerapenak baloratzea:
    • Fakturatutako merkantzietan kalte, galera, matxura edo atzerapenik eraginez gero Renfe-Operadorak ordaindu beharreko zenbatekoa kalkulatzeko, merkantziok entregatu diren egunean, edo, gehienez ere, jasotzaileari entregatu beharreko egunean, zuten salneurri arruntaren arabera kalkulatuko dira, Merkantzaritza Kodeko 363. artikuluan agindutakoari jarraiki eta bestelako hitzarmen edo itunik ez badago. Zenbatekoa kalkulatzeko erosketaren faktura edo eskubidez onargarria den beste prozeduraren bat erabiltzea egongo da, halaber.
    • Merkantzia bat balio-aitorpenarekin onartzeak ez du haren benetako balorazioa aurre-epaitzen, adierazpen horrek Renfe-Operadorak kalte, galera, matxura edo atzerapenagatik ordaindu beharko lukeen gehienezko zenbatekoa adierazten baitu, merkantziaren benetako balioa adierazitakoa baino txikiagoa frogatzerik ez badu.
    • Nolanahi ere, ordaindu gabeko garraio-kostuak, batetik bestera eramateko kostuak, kamioiez garraiatzeko kostuak eta fakturatutako merkantziak jasotzaileari entregatu izan balitzaizkio ezinbestean sortuko liratekeen gainerako kostuak kentzeko eskubidea izango du. Merkantzian matxura, atzerapen edo galerarik gertatuz gero, Renfe-Operadorak ordaindu beharreko zenbatekoa kalkulatzeko bidaltzaileak adierazpen/garraio-gutunean adierazitako merkantzien ezaugarriak edo kalitatea hartuko da kontuan, merkantzion benetako kalitatea edo ezaugarriak adieraztean gezurrik edo okerrik ez dagoela frogatzen ez bada behintzat.
  • d/ Merkantziaren zati bat entregatzea:
    • Jasotzaileari entregatu beharreko merkantziaren zati bat bakarrik entregatzen bazaio, falta den zatiari dagokion zenbatekoa eskatu ahal izango dio Renfe-Operadorari. Zenbateko hori baldintza honetan zehaztutakoaren arabera kalkulatuko da.
    • Jasotzaileari jaso behar duen merkantziaren zati bat atzerapenarekin entregatuz gero, kalte-galerak ordaindu ahal izango zaizkio, baldintza honetan zehaztutakoari jarraiki.
    • Renfe-Operadorak fakturatutako merkantzien zati bat bakarrik entregatzea izango balu, jasotzaileak merkantziari uko egitea izango du, falta den zatirik gabe erabiltzerik ez duela justifikatuz gero.
  • e/ Galdutako merkantzia berreskuratzea:
    • Galdutako merkantziak aurkituz gero, galeragatik kalte-ordaina jaso duen jabearengana jo ahal izango du Renfe-Operadorak, merkantzia haiek entregatzeko. Hori bi baldintza hauetan egingo litzateke:
      • I. Merkantzia garraio-kontratuak bukatu behar zuen unean hasi eta 72 orduko epean agertuz gero, galera une bateko galeratzat hartuko da eta, ondorioz, Renfe-Operadorak jabearengana jo ahal izango du merkantzia entregatzeko. Kasu horretan, galerarengatik ordaindutako kalte-ordainak berreskuratu eta, hala badagokio, atzerapenari dagozkionak ordaintzea izango luke.
      • II. Merkantzia 72 orduko epea igarotakoan agertuz gero, Renfe-Operadorak bi aukera utziko dizkio jasotzaileari: merkantzia jasotzea, aurreko kasuan azaldutako baldintzetan, edo merkantziari uko egitea, jasotako kalte-ordaina itzuli gabe.
  • f/ Renfe-Operadoraren erantzukizunak dituen muga orokorrak:
    • I. Berariaz besterik hitzartzen ez bada, Renfe-Operadorak merkantzien kalte, galera, matxura edo atzerapenengatik izango duen erantzukizuna lau euro eta hirurogeita zazpi zentimo izango da, gehienez ere, falta den edo kaltetu den kilogramo gordin bakoitzeko, 2006ko urtarrilaren 1etik aurrera. Zenbateko hori urtero eguneratuko da, kontsumo-prezioen indizearen arabera. Gehienezko zenbateko hori ez da aplikatuko kaltea edo atzerapena Renfe-Operadoraren dolo edo iruzurraren ondorioz gertatu bada.
    • II. Aurreko atalean zehaztutakoa baino erantzukizun handiagoa edo bestelakoa itunduz gero, garraioagatik prezio handiagoa eskatu ahal izango du Renfe-Operadorak, ordainetan. Gehitu beharreko zenbateko hori bi aldeek adostuko dute.
    • III. Matxurengatik jaso beharreko kalte-ordainez gain, atzerapenari dagokiona ere jaso ahal izango da merkantziak entregatzen berandutuz gero, eta baldintza honetan zehaztutako moduan. Halere, bi kalte-ordainen batura ezin izango da Renfe-Operadorak merkantzien galerarengatik ordaindu beharko lukeena baino handiagoa izan.

4.16.2. Renfe-Operadoraren erantzukizuna merkantzien kalte, galera, matxura eta lapurretengatik

Tren-sektoreko legeetan finkatutakoari jarraiki, eta adierazpen/garraio-gutunean inolako erreserbarik adierazten ez bada, garraiatzeko eman dioten merkantzian izandako kalte, galera, matxura eta lapurreten gaineko erantzukizuna izango du Renfe-Operadorak, ezusteko kasuetan, ezinbesteko kasuetan edo berezko akatsik egonez gero izan ezik.

Gorabehera horiek merkantziak jasotzaileari entregatzean egiaztatu behar dira, baina, orduan ere, Renfe-Operadorak erantzukizuna bere gain ez hartzea erabaki lezake, eragindako kalteak ezusteko edo ezinbesteko kausen ondorioz edo merkantzien ezaugarriengatik edo berezko kalteengatik gertatu dela frogatuz gero.

Horrenbestez, aipatutako kasuetatik kanpo, Renfe-Operadorak garraio-gutunaren arabera zuten egoera berean entregatu beharko ditu merkantziak, inolako kalterik eragin gabe eta, hori egin ezean, baldintza honetan zehaztutako zenbatekoa ordaindu beharko du, hemen adierazitako kopurura arte.

Merkataritza Kodeko 365. artikuluan adierazitakoari jarraiki, garraiatutako merkantziaren zatiren bat narriatuz gero, jasotzaileak ondo dauden merkantziak jaso beharko lituzke, matxurarik edo narriadurarik eragin zaiela eta merkantzia horiek erabiltzerik ez duela frogatzen ez badu behintzat. Merkantzien banaketa egiteko, pieza solteak edo pieza desberdinak bereizi ahal izango dira, baina objektuak zatikatu gabe. Aurrekoa ontziratu edo bildutako merkantzietan aplikatuko da, eta ondo egoteko itxura duten fardelak bereiziko dira.

4.16.3. Merkantziak berandu entregatzeari dagokion erantzukizuna. Kausa horrengatik merkantziak jasotzeari uko egitea

Merkantziak baldintza orokor hauetan zehaztutako gehienezko epean entregatzen ez bazaizkio jasotzaileari Renfe-Operadorari leporatzekoak diren kausen ondorioz, berandutza horrek eragindako kalteen erantzukizuna izango du Renfe-Operadorak. Jasotzailea da halako kalterik sortu dela frogatu behar duena, eta kalte horiek merkantzia sortak izandako atzerapenaren ondorio zuzena izan behar dute.

Garraioa berandutzeagatik ordaindu beharreko kalte-ordainak ezin du merkantziak, entregatu beharreko leku eta orduan, izango zukeen balioa baino handiagoa izan. Kalte-ordain horrez gain, atzerapenez garraiatutako merkantziek izandako matxurari dagokiona ere ordaindu ahal izango da. Halere, bi kalte-ordainen batura ezin izango da merkantzien balioa baino handiagoa izan. Baldintza honetako aurreko epigrafean adierazitako moduan egingo dira dagozkion kalkuluak.

Atzerapena Renfe-Operadorari leporatzekoak diren kausen ondorioz gertatu bada, jasotzaileak garraiatutako merkantziak jasotzeari uko egitea izango du, baina erabaki hori merkantziak helmugara iritsi aurretik jakinarazi beharko du idatziz, entregatzeko gehienezko epeak gainditutakoan. Horretarako, ondorengo atalean adierazitakoa hartu beharko da kontuan.

Merkantzia jasotzeari uko eginez gero, merkantziari dagokion zenbateko osoa ordaindu beharko du Renfe-Operadorak, baldintza honetan zehaztutakoari jarraiki, merkantzia galdu izan balitz bezala. Kasu horretan, Renfe-Operadorak ez du ezer ordaindu beharko kalte-galerengatik.

4.16.3.1. Garraiatzeko gehienezko epeak: Aldeek merkantzia jasotzaileari entregatzeko epe zehatzik adostu ez badute, garraioarekin zerikusia duten eragiketak egiteko gehienezko epeak ondoren zehaztutakoak izango dira. Portuetako, desbideratzeko partikularretako eta etxean jasotzeko edo entregatzeko egin beharreko ibilbide osagarriari dagozkion epeak gehitu beharko zaizkie lehen epe horiei, hala badagokio:

  1. Espedizio-epea: 24 ordu, merkantzia fakturatzen den unean hasita.
  2. Garraiatzeko epea: 300 km arte, 24 orduko 150 km-ko zatiki banaezineko. Ibilbidea 300 km baino luzeagoa izanez gero, zatikiak 125 km-koak izango dira. Kasu bietan ere, ez dira 25 km-tik beherako distantzia-tarteak aintzat hartuko.
  3. Transmisiorako epea, enpalme konbinatuetan:
    • bide-zabalera bereko lineen artean, 24 ordu.
    • bide-zabalera bereko lineen artean, 24 ordu.
  4. Helmugan entregatzeko epea: 12 ordu

Goian aipatutako garraio-eragiketei dagozkien gehienezko epeen batura izango da garraiorako epe arrunta.

Horrez gain, ondoko hau hartu beharko da kontuan:

  • a/ Adierazpen/garraio-gutunean eta taloi bikoiztuan fakturatzeko ordurik zehazten ez bada, fakturazioa egin zeneko eguneko eguerdiko hamabietan egin dela ulertuko da, besterik frogatzerik ez badago behintzat.
  • b/ Garraiatzeko gehienezko epeak kalkulatzeko tasatutako ibilbidean benetan dauden distantziak hartuko dira kontuan.
  • c/ Garraiatzeko epea kalkulatzeko, jaiegunak ez dira kontuan hartuko.

4.16.3.2. Renfe-Operadoraren erantzukizuna, atzerapenik egonez gero.

Garraiatzeko epe arrunta igarotakoan (bestelako eperen bat finkatzen duen hitzarmen edo itunik egonez gero, bertan adierazitako epearekin luzatuta), jasotzaileak kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango du, kontzeptu horrengatik bestelako zigorrik adostu ez bada behintzat. Kalte-ordainen zenbatekoa merkantzia sortaren % 25era artekoa izan daiteke, aplikatzekoak diren prezioekin eta ondorengo eskalekin bat etorriz, atzerapena ezusteko kausen, ezinbesteko kausen edo jasotzaileari leporatzekoak diren kausen ondorioz gertatu dela frogatzen ez bada, behintzat.

  • Egun bateko edo biko atzerapena: % 10eko kalte-ordaina
  • Hiru eguneko atzerapena: % 15eko kalte-ordaina
  • Lau eguneko atzerapena: % 20ko kalte-ordaina
  • Bost eguneko edo egun gehiagoko atzerapena: % 25eko kalte-ordaina

Kalte-ordainari dagokion ehunekoa kalkulatzeko, Renfe-Operadorak jasotakoa hartuko da erreferentziatzat, hots, garraioari berari dagokion prezioari garraioarekin erlazio zuzena duten eta aldez aurretik ezagutzen diren gastu osagarriak (zama-lanak egitekoak adibidez) gehituta. Garraioaren prezioaren lotura zuzena duten gainerako gastu osagarriak ez dira kontuan hartuko ehunekoa kalkulatzeko.

Hori dela eta, garraiorako gehienezko epeak igaro eta jaso beharreko merkantzia sorta entregatu ez dioten jasotzaile guztiek eskubidea dute garraio-gutuneko taloi bikoiztuan merkantzia oraindik jaso ez dutela jartzeko eskatzeko helmugako geltokian.

5. DESADOSTASUNIK EGONEZ GERO APLIKATU BEHARREKO BALDINTZAK

5.1. Aplikatu beharreko erregimena

Renfe-Operadorak hirugarrenekin sinatutako kontratu guztietan aplikatu behar dira baldintza hauek. Espainia barruan trenbidez egiten diren merkantzien garraio guztiak arautzen dituzte baldintza hauek. Garraio zehatzetarako beste tarifa berezi batzuk ezartzea egongo da eta garraio-kontratua sinatzen duten aldeek bestelako itun edo hitzarmenak adostea izango dute, baldintza hauez gain.

Baldintzotan jaso gabeko kasuetan, tren-sektoreari dagokion legeria, Merkataritza Kodea, Kode Zibila eta aplikazio orokorreko gainerako arauak aplikatuko dira.

5.2. Garraioko Arbitraje Batzordeak

a/ Kontratua betetzearen inguruko desadostasunak: Lurreko Garraioak Antolatzeko 16/1987 Legeari (uztailaren 30ekoa) eta Lurreko Garraioak Antolatzeko Erregelamendua onartu zuen 1211/1990 Errege Dekretuari (irailaren 28koa) jarraiki:

  1. Desadostasuna 6.000 eurotik beherakoa bada, Garraioko Arbitraje Batzordeek diotena betetzeko konpromisoa dagoela ulertuko da, garraioa egiten hasi aurretik edo egiteko epea hasi aurretik, aldeetako batek batzorde hori baztertzeko nahia berariaz adierazten ez badu.
  2. Desadostasuna 6.000 eurotik beherakoa bada, Garraioko Arbitraje Batzordeek diotena betetzeko konpromisoa dagoela ulertuko da, garraioa egiten hasi aurretik edo egiteko epea hasi aurretik, aldeetako batek batzorde hori baztertzeko nahia berariaz adierazten ez badu.

Auzi-jartzaileak hiru lekutan aurkeztu dezake erreklamazioa: garraioa abiatzen den lekuari dagokion batzordean, garraioaren helmugari dagokionean edo kontratua egin den lekuan eskumena duen batzordean, bi aldeek batzorde zehatz bat adostu ez badute behintzat.

b/ Merkantziak gordailutzea, besterentzea eta peritatzea

Besterik itundu ez badute, merkantziak dauden lekuan eskumena duen Garraioko Arbitraje Batzordera jotzea daukate alde kontratugileek, kontratatzeko baldintza orokor hauei jarraiki eta Garraioko Arbitraje Batzordeek merkantziak gordailutze eta besterentzeko arauak finkatzen dituen 2001eko martxoaren 30eko Aginduarekin bat etorriz merkantziekin egin beharreko gordailutze, besterentze edo peritazioa egiteko.

6. INDARREAN SARTZEA

Trenbide Sektoreari buruzko 39/2003 Legeko (azaroaren 17koa) 59. artikuluan agindutakoari jarraiki, Merkantzien Garraioa Kontratatzeko Baldintza Orokor hauek Ministerio de Fomento ministerioaren onarpena jaso dute, Plangintza eta Azpiegituren Estatu-idazkariak, Sustapen ministroaren ordez jardunez, 2006ko apirilaren 18an emandako ebazpenaren bidez, guztia ere, 2893/2005 Aginduarekin (irailaren 14koa, 2005eko irailaren 19ko BOEn argitaratua) bat etorriz, eta Renfe-Operadora tren-enpresari jakinarazi eta hilabeteko epean sartuko dira indarrean.

© Renfe. Eskubide guztiak erreserbatuta.
Legezko informazioa |