Hasteko: Murtzia. Udazkena oso ondo datorkio! Hasteko, bere udazkeneko eguraldi atseginak, tenperatura epelekin eta eguzki-ordu askorekin, ahalik eta gehien gozatzeko aukera bermatzen dizu. Zatoz hiriaren ondare harrigarria ezagutzera. Ibilbide asko eskaintzen ditu: ibilbide historikoa, kondairena, Erdi Arokoa edo baita lurpeko ibilbidea ere. Dakizunez, Murtzia baratzeengatik ezagutzen da eta udazkenean produktu-izar batzuen sasoia da. Bere gastronomia erakargarri nagusi bihurtu da, bere osagaien aberastasunari eta kalitateari esker. Hori gutxi ez balitz, ardoaren garaia da eta bertako hiru jatorri izendapenak dastatzeko une ezin hobea da: Jumilla, Yecla eta Bullas; beraz, tapak hartzera joatea edo jatetxe batean bapo jatea ia derrigorrezkoa da.
Iparraldera goaz, Lugora. Udazkeneko koloreek bere paisaiak janzten dituzte eta une ezin hobea da hiriko inguruak bisitatzeko eta, zergatik ez, Donejakue bidearen etapa bat egiteko. Indarrak berritzea erraza izango da bertako produktuei esker. Haragiak, aingira, gisatuak, askotariko enpanadak, San Simon gazta ketu ospetsua… eta nola ez, Ribeira Sacrako ardoak. Egundoko ahogozagarria, alajaina! Horrez gain, urrian San Froilan jaiak, dantzaldiak, kalejirak, Galiziako folklorea eta bere gastronomia onena zain izango dituzu. Orduan, Lugora trenez eramango zaitugu?
Top 3an: Jaen. Zalantzarik gabe, eskaintzeko asko duen helmuga, batez ere, orain, udazkenean. Bere paisaia naturalak, hala nola Morena mendilerroa eta Cazorla mendilerroa, udazkeneko koloreekin janzten dira eta mota guztietako jarduerak eskaintzen dituzte: mendi-ibiliak, bizikletaz edo zaldiz egiteko ibilbideak, perretxikoak biltzea... Gainera, hiria ezagutu beharreko harribitxi bat da. Bere ondare monumental eta artistikoa ezin osoagoa da, betidanik igarotze-eremu eta zibilizazio desberdinen lekuko izan baita, historiaurretik. Zer esanik ez bertako produktuetan oinarritutako gastronomia aberatsari buruz. Udazken-garaian, ehiza-haragiak, onddoak eta gisatuak nabarmentzen dira. Dastatu Jaén!
Jarraitzeko: Zaragoza. Aragoiko hiriburuak mota guztietako planak eskaintzen dizkie bisitariei udazkenean. Gosea pizteko, inoiz baino egokiago esanda, udazkenean egiten diren gastronomia-planak dituzu, hala nola Tapa Lehiaketa ospetsua, tapa-formatuko proposamen berriak probatzeko aukera paregabea. Gero, hiria aukerez betetzen duten kultur planak daude: musika, antzerkia, zinema, ikuskizunak... Eta noski, udazkenean Pilar Jaiak egiten dira, hiri osoak ospakizuna eta tradizioa arnasten dituen eta bere jai handia estiloz bizi duen garaia. Beraz, ikusten duzue Zaragoza udazkenean aukera bikaina dela. Goazen?
Eta amaitzeko, zer iruditzen Nîmesera bidaia bat egiten badugu. Frantziako hiri lasai honek izaera berezia du, bere historia liluragarriek moldeatua. Txoko guztiei kultura eta artea darie, modu ezberdinetan: Bere ondare erromatarra, bere Erdi Aroko iragana eta baita kaleko arte garaikideko lanak ere. Udazkena Nîmes bisitatzeko une berezia da, jende gutxiago dagoelako eta tenperaturak epelagoak direlako, eta oraindik argi-orduak ere badaudelako. Gainera, mahats-bilketaren garaia da; enoturismoa gustuko baduzu, zorte onekoa zara. Upategiak edo mahastiak bisitatu ahal izango dituzu, baita eskualdeko ardo onenak dastatu ere.