Arabako Lautadako aldiriko tren-zerbitzuaren erabiltzaileek harpidetza-sistema berri batean izena emateko aukera izango dute abenduaren 1etik aurrera. Sistema horren bidez, zuzenean jasoko dute telefono mugikorrean beren trenen zirkulazio-egoerari buruzko informazio pertsonalizatua, telefonora bidaliko zaizkien WhatsAppeko mezuen bidez. Horrela, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak Euskadiko aldiriko trenen eskumena urtarrilean bere gain hartu ondoren sortutako zerbitzuak —ordura arte Gobernu zentralak kudeatzen zuen— urrats bat egin du aurrera erabiltzaileen esperientzia hobetzeko bidean.
Kanal berriak berehala, eroso eta doan eskaintzen du joan den maiatzaren 30ean sortutako zerbitzu berriko trenen zirkulazioaren egoera ezagutzeko informazioa, betiere erabiltzaileari ordutegi-tartearen arabera gehien interesatzen zaizkion trenak kontuan izanik. Horri esker, abisuak pertsonaliza daitezke, pertsona bakoitzaren interesen eta beharren arabera.
WhatsApp bidezko abisu-sistema horren funtzionamendua erraza eta intuitiboa da. Erabiltzaileek Renferen webgunearen bidez harpidetu ahal izango dute, eta bertan sartu beharko dute WhatsAppeko mezuak zer telefono-zenbakitan jaso nahi dituzten. Webgunean erregistratutako bidaiariak direnean, sistemak berak ezagutuko du haien kontuaren telefono-zenbakia. Gainerako bidaiarien kasuan, telefono-zenbakia egiaztatu beharko dute —SMS bidez jasoko duten egiaztapen-kodea erabilita—.Lehen urrats horren ondoren, harpidetzen atalean sartu beharko dute, eta bertan aukeratu ahal izango dute unean-unean zer zerbitzuren informazioa lortu nahi duten. Zer linearen, zer asteko egunen eta zer ordutegiren informazioa nahi duten aukeratu ahal izango dute.
Harpidetza egin ondoren, erabiltzaileek aukeratutako zerbitzuen jakinarazpenak jasoko dituzte beren WhatsAppean, aukeratutako egun eta tarteetan. Bidaiariek jakinarazpenak aktibatu edo desaktibatu ahal izango dituzte, beren lehentasunen arabera, eta edozein unetan baja eman ahal izango dute abisu-zerbitzuan.
Zerbitzu berriak ez du kosturik izango erabiltzaileentzat, eta lehendik dauden informazio-kanalei batzen zaie, bidaiariekin zuzenean komunikatzeko sistema indartuta.
Joan den urtarrilean Euskadiko aldirietako zerbitzuaren eskumena bereganatu ondoren, Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Jasangarriaren Sailak sustatutako Arabako Lautadako tren-zerbitzu berriak —Renfe Estatuko enpresa publikoak kudeatzen du oraindik— bederatzi geltoki ditu udalerri hauetan: Miranda de Ebro, Manzanos, Argantzun, Iruña Oka, Gasteiz, Dulantzi, Agurain, Araia eta Altsasua. Zerbitzuak sei hilabete bete berri ditu: 140 tren inguru astean, ordutegi hobeak eta zerbitzua hasi arteko tarifak baino % 30 merkeagoak diren tarifak.