Renfek kontakturik gabeko +Renfe&tú txartela jarri du zerbitzuan Bilboko Aldirien guneko C4f linean (Bilbo-Balmaseda) gaurtik aurrera, martxoak 1. Txartel hau dagoeneko C1 (Bilbo-Santurtzi), C2 (Bilbo-Muskiz) eta C3 (Bilbo-Urduña) lineatan dauden txartelei gehitu behar zaie. Bi txartel horiek bateragarriak izango dira etorkizunean.
+Renfe&tú kontakturik gabeko txartela kreditu txartel baten antzeko itxura duen euskarri bat da; txip elektroniko bat eta aldirietako garraio tituluak kargatzeko aukera ematen duen gailu bat dauzka; hala, gune horretako trenetara sartzea errazten da.
Honi esker, trenera iristeko sarbidea azkarragoa eta malguagoa izango da, nasara sartu edo bertatik ateratzeko balioztatzea azkarrago egiteko aukera emango duelako. Horrez gain, bidaiariari erosotasun eta fidagarritasun handiagoa eskainiko dizkio; izan ere, txartela berriz kargatu daiteke, eta galduz gero beste bat lor daiteke.
Kontakturik gabeko +Renfe&tú txartel berriak pixkanaka eta modu mailakatuan ordeztuko ditu gaur egungo paperezko euskarriak, banda magnetikoa dutenak.
Bi modalitateko txartelak
+Renfe&tú txartelean bi modalitate eskainiko dira, hain zuzen ere, txartel pertsonalizatua eta pertsonalizatu gabea; txartelak ez dira iraungiko eta berriz kargatu ahalko dira leihatilan zein salmentarako makinetan.
Txartel pertsonalizatua plastikozkoa eta izenduna izango da; titularraren izena eta argazkia izango ditu, baita bidaiariaren kodearen zenbakia ere. Kreditu txartel baten antza izango du; banda magnetikoa izan beharrean, sarbide kontrolak igarotzea errazten duen txip elektroniko bat edukiko du.
Modalitate honi esker Bilboko zabalera metrikoko zerbitzuetan indarrean dauden garraio aukera guztiak kargatu daitezke: tiket arrunta, joan-etorrikoa, Bonotren eta hilabeteko karneta, baita deskontu bereziak dituztenen aukerak ere, besteak beste, familia ugariak eta Urrezko txartela dutenak.
Renfek +Renfe&tú txartel berriaren modalitate pertsonalizatua eskuratzeko promozio berezia eskaintzen du. Hala, 2 euroko kostua izango duen txartela lehen aldiz eskuratzen duten bezeroek doako bi bidaia arrunt lortuko dituzte, 30 eguneko buruan erabiltzeko.
Hala, Bilboko La Concordia geltokian horretarako prestatutako leihatilara jo behar da (kutxatilategiaren alboan), deskontuen onuraduna izatea egiaztatzen duen dokumentazioa entregatzeko (kide ugaria, Urrezko txartela, eta abar). Bezeroak bere izenean egongo den txartela une horretan bertan jasoko du.
Kontakturik gabeko txartel pertsonalizatu berri honekin deskontu bereziak dituzten erabiltzaileek ez dute lagundutako salmentara jo beharko garraio tiketa lortzeko. Txartela kargatu behar dutenean, leihatilan zein salmenta makinetan zuzenean aitortuko zaie bertan txertatutako deskontuak aplikatzeko eskubidea daukatela.
Modalitate pertsonalizatu honen abantailen artean aipatu behar da, halaber, txartela galdu, lapurtu edo bistatik galduz gero beste txartel bat lor daitekeela, baita oraindik lortzeko dauden garraio tiketak berreskuratzeko aukera ere.
Bestalde, txartel ez pertsonalizatuan garraio tiket ez pertsonalizatuen artean edozein karga daiteke (tiket arrunta, joan-etorrikoa edo Bonotrena). Txartel modalitate honek 0,50 euroko kostua du, berrerabilgarria da eta kargatu daiteke, eta Aldirietako geltokietan zein salmenta makinetan eros daiteke.
Renferen konpromisoa ingurumenarekin
Aldirietako geltokien arkitektura teknologikoki modernizatze aldera Renfek egin duen apustuari zor zaio jarduketa hau, eta, honi esker, batetik, zerbitzua hobeto kudeatu ahalko da eta, bestetik, bidaiariei abantaila berriak eskainiko zaizkie geltokietatik igarotzean.
Horrez gain, Renfek ingurumena zaintzeko duen konpromisoaren barruan kokatzen da, banda magnetikoa daukaten kartoizko txartelak erabiltzea baztertuz. Ingurumena errespetatzea Renferen funtsezko betebeharra da, eta horren jasangarriak ez diren beste garraiobide batzuekin erkatuta bereizteko eta lehiatzeko elementu bat ere bada.
Horregatik, konpainia sortu zenetik, jasangarritasuna oso presente egon da plan estrategikoetan funtsezko helburu modura.
CONFIGURAR