Renfek Donostiako Aldirien gunea indartzeko plan berezia diseinatu du bidaiariak Tolosako inauterietara joatea errazteko. Otsailaren 11tik, igandea, otsailaren 13ko goizera, asteartea, Renfek 34.300 plazako errefortzua eskainiko du ohiko zerbitzura gehituko dizkien 49 tren bereziei esker.
Etenik gabeko zerbitzua Gipuzkoako Aldirietan
Renfek etenik gabeko Aldirien zerbitzua eskainiko du igande goizeko lehen ordutik (hilak 11) asteartera arte, hilak 13, Tolosako inauterietara joaten diren pertsonen eskari handiari aurre egiteko. Bidaiaririk gehien ibiltzen den orduetan tren batzuek edukiera bikoitza izango dute.
Irun eta Brinkola arteko eguneko zerbitzua 23 trenek indartuko dute igandean, hilak 11, eta astelehenean, hilak 12, 10 tren gehigarri izango dira Irun eta Tolosa artean.
Aldirietako zerbitzuaren ordutegia luzatu egingo da ohiko ordutegiarekin alderatuta; izan ere, Irun eta Brinkola artean 8 gau treneko errefortzua eskainiko da otsailaren 11n eta 12an gauez. Igandetik astelehenera doan gauean eta astelehenetik asteartera doan gauean trenak gau osoan ibiliko dira, eta errefortzuak asteartean bukatuko dira, goizeko lehen orduan.
Gaueko tren berezi guztiak Tolosako Geltokitik abiatuko dira, eta ez dira Tolosa Erdiguneko geltokian geldituko; izan ere, geltoki hori itxita egongo da goizeko 05:00ak pasatxora arte. Egunean zehar, bi geltokiek normaltasunez funtzionatuko dute.