Datorren astelehenetik aurrera, uztailak 17, tarifa integrazioa aplikatuko da Renfe Aldirietako gunean; hala, Aldirietako sare bakarra eratuko da, Bilbo gunea, eta C-1 (Bilbo-Santurtzi), C-2 (Bilbo-Muskiz), C-3 (Bilbo-Urduña) eta C-4 (Bilbo-Balmaseda/La Calzada) zerbitzuek osatuko dute. Jarduketa horri esker, merkaturatuko diren garraio txartelak berberak izango dira zabalera metrikoko Aldirietako zerbitzuetarako (Feve zaharra) zein ohiko zabalerako Aldirietako zerbitzuetarako. Horregatik, nahieran erabili ahalko dira Bizkaian Renferen Aldirietako zerbitzuen multzoan.
Tarifen integrazioak ez du, inolaz ere ez, tarifak igotzea ekarriko. Aitzitik, astelehenetik aurrera merkaturatuko diren garraio txartelen kasuan preziorik txikiena ezarriko da zeharkatutako zona kopuru berbererako. Hala, garraio txartelak eta baldintzak honako hauek izango dira:
- Txartel arrunta: bidaia bakarra egun bererako eta txartela eman eta hurrengo bi orduetan.
- Joan-etorria: txartelean ageri den datan bi bidaia egiteko baliagarria. Joaneko bidaia txartela erosi eta hurrengo bi orduetarako da baliagarria, eta itzulerakoa, berriz, egunean zehar edo hurrengo egunean egin beharko da.
- Barik: Orain arteko baldintza berberak.
- Hileko bonuak eta Bonotren: Une honetan ez dago salgai, doako bonua dela eta.
Doako bonua
Bilboko Aldirietako gunean tarifa bakarra ezartzeak ez du aldaketarik ekarriko ez erabilera baldintzetan, ez une honetan indarrean dagoen doako bonuaren baliagarritasunean. Tarifak homogeneizatzeari esker, bonu berbera erabili ahalko da Aldirietako lau lineatan, orain arte bezala bi bonu eskatu beharrik gabe.
Hau da, gaur egun Aldirietan doako bonuaren titularra den pertsona bat Santurtzi, Muskiz edo Urduñara badoa, doako bonu horrekin bidaiatu ahalko du Aldirietan Balmaseda/La Calzadara.